beasain - Dagoeneko hamar urte pasa dira Beasain, Lazkao eta Ordiziak bat egin eta euskaraz egiten diren errenta aitorpenen kopurua hazteko helburuarekin Egizu euskaraz! kanpaina abian jarri zutenetik. Aurten, berriz ere egingo dute kanpaina eta Ordiziako eta Beasaingo Udal ordezkariek eman dituzte ezagutzera xehetasunak.

Datuek argi erakutsi dute geroz eta pertsona gehiagok egiten dutela euskararen hautua prozesu hauek egiterako orduan. 2009. urtean, Beasainen, %8,37 pertsonek egiten zuten errenta aitorpena euskaraz, eta 2017an %18,72ra igo da datua. Ordizian, %8,29 ziren hasieran eta azken ekitaldian %19,71k egiten zuten errenta aitorpena euskaraz. Lazkaon ere antzeko kontua pasa da. 2009an %15,52k egiten zuten errenta aitorpena euskaraz eta 2017an, %27,47k. “Horrek esan nahi du Lazkaon lau pertsonatik batek euskaraz egiten duela”, agertu du Leire Artola, Beasaingo Udaleko zinegotziak. Urtez urte hobetzen joan dira zenbakiak, nahiz eta 2016ko ekitaldian Lazkaon %27,88k egin zuten euskararen aldeko hautua, urtebete beranduago baino dezima batzuk gehiagok.

Iazko urteari dagokion errenta aitorpena egiteko kanpaina apirilaren 15ean hasiko da eta uztailaren 1era arte luzatu. Hala ere, hilabete honetako 8tik aurrera etxera bidalitako autolikidazio proposamenak onartu ahal izango dira. Errenta aitorpen mekanizatua edo internet bidezkoa egin nahi bada, ordea, apirilaren 15-etik aurrera egin ahal izango da, hi-tzordua eskatuz hilaren 12tik aurrera. Hiru bide daude aitorpena egiteko: autolikidazio proposamena, mekanizatua eta internez bidezkoa. Hiru bide horietako edozeinetan egin daiteke prozesua euskaraz inolako arazorik gabe, egin behar den bakarra da azaltzea (bai bulegoan, aholkularitza zerbitzuan edo internet bidez) deklarazioa euskaraz egin nahi dela.

“Euskarak Goierrin aurrera egin dezan nahi badugu behintzat, garrantzitsua da zergadun euskaldunak aitorpena euskaraz egiteko urratsak egitea; hau da, gutako bakoitzak hizkuntza hautatzeko dugun aukeraz baliatzea. Beraz, egizu euskararen aldeko aukera”, nabarmendu du Joxi Iturrioz Ordiziako Udaleko zinegotziak.

Kanpaina honetan, hiru Udaletxeek esku-orriak banatu dituzte etxez etxe, eta herriko toki jakin ba-tzuetan ere utziko dituztela agertu dute, edonoren eskura. Horrekin batera, Euskara zerbitzuak errentaren aitorpena egiten duten aholkularitza zerbitzuekin harremanetan jarri direla ere nabarmendu dute bi zinego-tziek, eta azken horiei “kanpainarekin bat egiteko eskatu” zaiela. Helburua geroz eta pertsona gehiagok errenta aitorpena euskaraz egitea da eta horregatik bultzatzen dute kanpaina honekin berriz ere bat egitea.