zarautz - Modelo Aretoa irekitzearekin batera, Udalak hausnarketa bat egin du eta kultur ekitaldiak liburuxka batean jasotzea erabaki dute. Horrela, Modelon, Sanz Enean eta Torre Luzean Udalak antolatutako ekitaldi guztiak jasoko ditu liburuxkak.
Urtean bi ale argitaratuko dituzte: bata, otsailetik ekainera arteko egitarauarekin; bestea, irailetik abendura artekoarekin. Udakoa, berriz, solte joango da “egitarau propioa izaten baitu”, azaldu zuen Fernando Llopis kultura arduradunak.
Jada publikatu dute lehenengo liburuxka eta bertan herritarrek Zarau-tzen ekainean zehar izango diren kultur ekimenak irakur ditzakete. Hala nola, honako saioak izango dira: Rita, Ghero eta Argiaren hautsa an-tzerkiak, Zinegoak festibaleko filmak edota Lou Dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian eta Derlan, motor hotsa Zarautzen ikus-entzunekoak, eta beste hainbat literatur solasaldi.
2.500 ale publikatu dituzte guztira eta eskuratu nahi duenak Sanz Enera, Modelora edo Herritarren Arreta Zerbitzura hurbildu beharko du. Hala ere, Llopisek jakinarazi du Zarautz Kulturaren webgunean ere zintzilikatua dagoela, eta emailez ere jaso daitekeela, kulturazarautz@gmail.com helbidera idatzita.
Liburuxkan ez da jasoko zinema egitaraua, baina film berrienak ekartzen jarraituko dute. Astebukaera honetan, adibidez, Bohemian Rhapsody izango da ikusgai Modelo Aretoan.
Interneten eskuragarri Modeloko txartelak Interneten eskuratzeko sistema bat martxan jarriko dutela iragarri zuen alkateak: “Eraikin modernoa dugu, eta herritarrek eskatzen duten erabilera modernorako aukerak eskaini behar ditu”, esan du.