ordizia - Heuristica izeneko pinturari esker irabazi du Getxon bizi den Pablo Astrain donostiarrak aurtengo arte plastikoen IX. Goiart-Ordizia lehiaketa. Obraren konposizioa, teknikaren erabilera, obraren egikera eta exekuzio ona baloratu ditu epaimahaiak.
“Konposizioaren plano desberdinen arteko oreka lortu du eta ikuspegiaren, geometriaren eta figurazioaren joko bisuala sortu du, arreta behin eta berriz erakarriz”, zehaztu zuten balorazioa egin zutenek. Espazioaren sakontasunarekin egiten duen jokoa eta pertsonaien kanpoalderako proiekzioa ere interesgarria izan daiteke ikuslearekin, eta horrekin batera espazio hotzaren, geometrikoaren, aseptikoaren eta koadrotik atera nahi duten pertsonaien emoziozko ekintzaren arteko kontrastea ere aipagarria dela deritzote. Bere lanari esker lehen saria irabazi du eta 3.000 euroko ordainsaria ere eskuratu du.
Bigarren saria, berriz, Bizileku-Bizimodu izeneko bideo instalazioarentzat izan da, Bergaran bizi den Amaia Santamariaren lanarentzat, zehazki. Epaimahaiak obra hau saritzean beste bitarteko edota lengoaia garaikide batzuen presentzia sustatu nahi izan du, “esperimentazio eta proposamen ausartagoak bultzatu nahian”. Horrekin batera, bideo-instalazioan erabilitako lengoaiaren eta euskarriaren esperimentaltasuna baloratu dute, besteak beste sorkuntza-bideoa, instalazioa eta performancea. “Transformazio ekintza eta horren guztiaren erregistroa lengoaia bisualean islatuta, ikus-entzuleari beste irakurketa eta erlazioak egitea uzten dion diskurtsoa dauka”, agertu zuten sari banaketan. Hala, berrikuntza honi esker 1.500 euroko saria ere lortu du egileak.
Hirugarren postua Azkoitiara joan da. Pershing Square pintura Udane Juaristiren lana da eta 900 euro eta brontzezko medaila eskuratu ditu horri esker. Gertaera hutsal eta eguneroko baten konbertsioa eta une anekdotiko bat bisio fotografiko eta inpresionista batekin nola izozten dituen baloratu du epaimahaiak, hirugarren postua emanez.
Aldi berean, Goierrin jaio edo bizi den artista baten lana 600 euroekin saritzea ere erabaki dute. Hain zuzen ere, Beasainen bizi den Igor Rezola itsasondoarraren 24 ordu izeneko bideo lana izan da saritua. Bideo honek espazioa okupatzen duten ekintza batzuk jasotzen ditu, lengoaia poetiko bat adierazten duen kolore masa batekin, hala nola, eguna eta gaua, elur txuria eta gau beltza, agertu eta desagertu...
zabalkundea Aurtengo lehiaketara 46 artista aurkeztu dira, guztira, 62 lanekin. Honako arte-diziplinatan banatuta: 34 pintura, 17 eskultura, bi argazki, bi serigrafia, bi collage, instalazio bat, Estampa Grafika bat, papiroflexia bat eta bi ikus-entzunezko. Bestalde, gipuzkoarrak izan dira nagusi (32), Bizkaiako zor-tzi, Arabako bost eta nafar bat.
Ohiko moduan, lehiaketako sariak banatu ondoren erakusketa ireki zuten. Aurten, ordea, jasotako obra kopuru guztiak kontuan hartuta, aukeraketa bat egin behar izan du epaimahaiak. Horretarako, estilo eta lan-joera desberdinei begiratu die sailkatzerako orduan. Horiek guztiak Barrena kultur etxeko erakusketa aretoan daude ikusgai, urtarrilaren 11ra bitartean. Ordutegia arratsaldeko 18.00etatik 20.00etara da, egunero. Hala ere, abenduaren 31n itxita egongo da, baita jai egunetan ere.