Errenterian haurrentzako bisita gidatua, igandean
Ordubetez erdiaroko kaskoa euskaraz ezagutzeko, izena gaur bertan eman beharko da
Errenteria - Euskaraldia eta Euskararen eguna ospatzeko, Errenteriako Udalak bisita gidatu bat prestatu du iganderako. Bisitaren izena Errenteriako 5 ateen bila da. Jarduera 12.15etik 13.15era burutuko da eta topagunea Herriko Plaza izango da.
Bisita hau pista joko baten modura antolatua dago eta bost eta hamabi urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzendua dago, eta euskaraz da.
“Ordubetez gure herria hesitua zegoenean zituen bost ateak ezagutzera eramango dira, eta gure erdiaroko kaskoaren balore historikoak eta artistikoak azpimarratuko dira”, azaldu dute egitasmoaren antolatzaileek.
Bisita hau egiteko interesa duten pertsonek aurretik izena eman behar dute Turismo Bulegoan edo 943 494 521 telefonora deituz, edo ondoko postara email bat idatziz: turismoa@oarsoaldea.eus. Izena emateko azken eguna gaur da.
Udaletik gogorazi dutenez, haur guztiek heldu batekin joan behar dute. Euskara menderatzen ez duten familiei material lagungarria jarriko zaie bisita modu egokian jarraitzeko. - A.M.