Euskararen aldeko ariketa kolektiboa festa bihurtu zuen Zarauzko Herriak
Hasiera ekitaldiaren festa giroak animatuta, 200 pertsonatik gora izan ziren ostiralean izena eman zutenak Eztabaida ere sortu du ordea Euskaraldiak zarauztar gazteen artean
ZARAUTZ - Hilabeteetan zehar Euskaraldiaz hitz egin eta haren inguruan makina bat informazio jasotakoak izan ostean, ostiralean ekin zion, azkenean, herritarron “hizkuntza-ohiturak astintzera” datorren ekimenak.
Zarauzko kaleetan zehar goizean goizetik ikus izan zitekeen txapa txuria soinean eramatera ausartu ziren gutxi batzuk. Egunak aurrera egin ahala, ordea, ahobizi edo belarriprest rolen identifikagarriak maiztasun gehiagorekin agertzen joan ziren batzuen eta besteen berokietan, poltsetan edota kamisetetan, eta hala ari da izaten egunek aurrera egin ahala.
Gauzak horrela, txapa txuriaren kontuak eragin du, oharkabean ala ez, ezagun edo ezezagunekin gurutzatzean nahigabeko elkarrekiko begirada bat. Ea zuk ere txapa ipini duzun, galdetuko bagina bezala, isileko konplizitate keinu moduko batean. Izan ere, Euskaraldia “ariketa kolektiboa da, norbanakoaren esfortzuaz gain ondokoarengan eragitea da helburua”, adierazi izan dute antolakuntza batzordeko kideek makina bat aldiz.
Bada, talde sentimendu horrek eragindako emozio edota ausardiak bultzatuta, ostiralean ekitaldi jendetsua bizi izan zen Zarauzko kaleetan zehar. Arratsaldeko 18.00etan antolakuntzak mahai bat ipini zuen Lege Zaharren enparan-tzan, “despistatu direnek txapa jaso dezaten edo izena eman nahi duenak, aukera izan dezan oraindik”, adierazi zuten Euskara saileko arduradunek. Ez zuten ordea espero, inondik inora, azken egunetan eta bereziki ostiralean bertan gertatu zen “bola efektua”. Izan ere, antolakuntza batzordearen aurreikuspenen arabera, 3.500 zifra gaindituko zen Zarau-tzen, ez ordea 4.100, gertatu den bezala. “Azken egunetan gertatu dena izugarria izan da, batez ere gaurkoan, 200 pertsonatik gora etorri direla izena ematera”, adierazi zuten hasiera ekitaldiaren amaieran batzordeko kideek, pozez. Bere aldetik, Euskara zerbitzuko arduraduna den Maite Etxanizek ere, bere “harridura” azaldu zuen eta jendeari “eskertu” nahi izan zion konpromisoarekin bat egin izana.
Festa giroa ordea, 19.00ak aldera lehertu zen Zarauzko Udaletxeko plaza eta Musika plaza artean. Izan ere, ostiraletan jende ugari biltzen da leku horien inguruan, asteburuaren hasiera ospatzeko erritual bat izango balitz bezala, eta horren laguntzaz Euskaraldiak bere lehen ordu ofizialei hasiera eman zien giro apartean. Dozenaka kuadrila eta familia bildu ziren Lege Zaharren enparantzan kantuan eta dantzan egiteko. Haurrek belarriprest eta ahobizirekin jolasean aritzeko aukera izan zuten, jendartean ibili baitziren arratsalde osoan zehar bi figura identifikagarriak, baina batukadaren eragina izan zen, zinez, indartsuena. Jendea eta festa leku batetik bestera eramateaz arduratu ziren, arrakastaz, Euskaraldiaren ohiartzuna zabaltzen laguntzeko adierazgarri moduan. Hauek Musika plazan aritu ziren giroa astintzen eta beren bitartean, Udaletxe aurrean euskal dantza jendetsuak hartu zuen lekukoa.
Izan ziren ordea, bertaratutakoak baina festan zuzenean parte hartu ez zutenak ere. Txapak jantzita edo ez, atzokoan euskara nagusitu zen txoko gehienetan. Pozik, dinamizatzaile lanetan dabilen Rita Aldabaldetrekuk balorazio positiboa egin zuen, “ariketa sozial honen hasiera ona izan dugu Zarautzen, espero baino hobea”, adierazi zuen baina “orain ikusi beharko da nola daramagun aurrera hamaika egun hauetan zehar”, gaineratu zuen.
ESANGURATSUA Sinbologia aldetik ez hainbeste, baina bai inplizitu dakarren esanahia oso garrantzi-tsua da herritar askorentzat. Hala nabaritu zen ostiralean sortutako talde eta batasun giro horretan, batez ere, helduengan. Gaur egun haurrek eta gazteek euskara ikasteko dituzten aukerak ez ziren garai batean guztiek zituzten berberak eta askok “esfortzu handiz” lortu zuten. Hala zioen ostiralean herriko bizilagun batek, emozioz beteta Euskaraldiak bere inguruan “sortu duen mugimendu eta kon-tzientziagatik”. Gurasoen etxean gaztelaniaz egiten zela eta, 19 urte izan arte ez zuen euskaldunon hizkuntzan mintzatzen hasteko aukerarik izan eta orain, ia 30 urte beranduago, “sentimendu berezi batekin bizi dut euskararen aldeko edozein ekitaldi, baina Euskaraldia batez ere, izaten ari den ohiar-tzunagatik”, adierazi nahi izan zuen emakumeak.
EZTABAIDAK Azken egunotan espero ziren zifrak hautsi egin diren arren, Euskaraldian izenik eman ez duten zarauztar gazte askok “gabeziak” ikusten dituzte ekimenaren inguruan. Ostiralean ez ezik, pasa diren egunetan ere aritu dira euren ideiak partekatzen eta kuadriletan eztabaidak sortzera ere iritsi dira. “Zergatik eraman behar ote dut txapa bat soinean euskaraz egiten dudala adierazteko?” da ba-tzuen galdera. Izan ere, asko dira euskara egunerokotasunean erabili arren Euskaraldian izena eman ez dutenak. “Nik egunero egiten dut lehen hitza euskaraz, ez hamaika egunetan zehar soilik”, zioen beste zarauztar gazte batek duela egun batzuk. Ostiralean bertan, mahai inguruan bilduta, sei pertsona aritu ziren honen inguruan eztabaidan. Gehiengoak ahobiziren txapa soinean zutela, baina ez denek. Guztiak ari ziren ordea euskaraz. “Argi dago pertsona hauek ez direla arazoa”, azaldu zuten duela aste batzuk Euskara zerbitzuko arduradunek. “Euskaraldiak bilatzen duena da norberak barne ariketa bat egitea, hizkuntza-ohiturei arreta ipiniz eta horrela inguruan eragina izatea”, adierazi zuen Aldabaldetrekuk hasiera ekitaldiaren aurkezpenean.
Baziren ordea, ostiralean mahai horren inguruan txapen erabilera oso argi ikusten ez zuten gazteak ere. Izan ere, haien iritziz “egongo da inor txapa jantziko duena itxura egiteko helburuarekin bakarrik”, sare sozialetan, Facebookenesaterako, argazkian Ahobizi edota Belarriprest ipini duten “asko, irudi publiko bat emateko besterik ez dela” konbentzituta. Horren aurrean, Euskaraldiaren helburuarekin bat zetoztenek argi zuten “beharrezkoa” dela. “Gure kasuan, egunero euskaraz egiten dugunez, helburua ez da izango hizkuntza-ohiturak aldatzea, baizik eta inguruan eragina izatea”, zioen batek. Besteak, horri eutsiz, haratago eraman zuen ideia: “Euskaraz egunero egiten dugu, baina ziur badirela testuinguruak edota egoerak gaztelania beharrik gabe erabiltzera eramaten gaituztenak”, ziurtatu zuen eta gaineratu: “Nire kasuan, une horiei arreta ipintzen saiatuko naiz eta hori aldatzen”.
Momentuz, “Zarautzek besoak zabalik hartu du Euskaraldia”, adierazi zuten Euskara saileko arduradunek eta “kalean nabari den sentsazioa bera dela”, baieztatu zuen atzo gazte kuadrila batek. Orain, ordea, aurretik geratzen diren bederatzi egunetan ariketa aurrera eramaten jarraitzen den ala ez ikusi eta entzun beharko da. “Datorren urtean guk ere parte hartu nahiko dugu”, gaineratu zuten ostiralean 15 urteko haur batzuk, festan murgilduta.