ZARAUTZ - Gaur, goizeko 9.00etatik aurrera eta egun osoan zehar, Mobibike eguna ospatuko da Zarautzen, Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkartea den Aspanogiren eskutik. Urtero egin ohi duten bezala, aurten ere etxeko txikienei zuzendutako hainbat ekintza prestatu dituzte eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ekitaldi batekin ipiniko diote amaiera.
Zarauzko Kiroldegitik hasita, mendiko bizikleten trabesia solidarioa egingo dute hamalau urtetik gorakoek. Ondoren, 9.30ean, Triatloi Txikiari ekingo zaio, Aritzbatalde inguruan baita ere. Igerian kiroldegian bertan egingo dute eta korrika eta bizikleta saioak haren inguruan mugatuta egongo den zirkuito batean. Hiru taldetan banatuko dira haurrak, zortzi eta bederatzi urteko benjaminak alde batetik, hamar eta hamaika urteko alebinak bestetik eta azkenik hamabi eta hamabost urte bitarteko infantil eta kadeteak.
Honen ostean, 11.00etan, Zarauzko kaleetatik bizikleta gaineko pasira bati ekingo zaio. Antolatzaileek azpimarratu nahi izan zuten ez dela “lasterketa bat izango eta beraz, edozein unetan jendea batu daitekeela”. Guztira ia sei kilometroko itzulia egingo dute herritik, ordubeteko denboran gutxi gorabehera. Bertan Porrotx pailazoaren konpainian joango dira parte-hartzaileak eta baita txirrindulari profesionalekin ere.
Arratsaldeko 15.00ak arte Zuberoa kalean hainbat zirkuito egongo dira irekita (segway, balanz-bike...) eta eguna amaitzeko, 17.00etan, kiroldegian euskal pailazoen ekitaldi berezia egingo da, Irrien Lagunak izenekoa, hainbat kirolariren parte-hartzearekin, beti bezala. - N.O.