Pasaia - Guraso talde bat elkartu zen lau eta hamabi urte bitarteko haurrentzako euskarazko zine emanaldiak eskaintzeko. Ikasturtearen bukaeran hasi ziren egitasmo honekin eta atzo ikasturte honetarako egitaraua jakitera eman zuten.

Iniziatiba honek Zine Txikia izena du eta ikasturte berri honetan zazpi pelikula botako ditu, bat hilabete bakoitzeko, urritik apirilera arte. Emanaldiak Trintxerpeko alkateordetzan, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan eta Antxoko kultur etxean izango dira. Guztiak 16.30ean hasiko dira eta sarrera dohainik izango da.

Lehen emanaldia, larunbata honetan da, Trintxerpeko alkateordetzan. Richard Zikoina emango dute ikasturteko lehen saioan. Hurrengo hitzorduak urriaren 20an Donibanen Nur eta Herensugearen Tenplua pelikularekin eta urriaren 27an Antxon Grufaloa filmarekin dira. Pelikula guztiak hiru barrutietan ikusteko aukera egongo da, baina data desberdinetan.

Egitasmo hau ondo joan dadin zenbait arau jarri dituzte aretoen erabilerari dagokienez. Adibidez, ezin da ez janaririk eta ez edaririk sartu. Gainera, segurtasun neurriak direla eta, eserleku guztiak bete-tzen direnean, ez da inor gehiago sartuko. Haurrek arduradun batekin joan beharko dute, baina haurrei zuzendutako ekintzak direnez, lehentasuna beraiei eman behar zaie. “Ez dadila haur bakar bat kanpoan gelditu, aulki guztiak helduek hartu dituztelako”, esan dute. “Saioek 90 minutu inguru iraungo dute. Beraz, irteeran egotea komeni da haurrak jasotzeko. Zuen seme-alaba txikiegia bada, eta saioa ez duela jarraituko uste baduzue, mesedez ez ekarri”, eskatu dute. - A.M.