Síguenos en redes sociales:

Berri Txarraken musikak girotuko du Euskaraldian izen-ematea

Larunbatean egun osoko festa antolatu dute Zumaian euskararen aldeko ekimena jendeari hurbiltzeko

Berri Txarraken musikak girotuko du Euskaraldian izen-ematea

zumaia - Datorren azaroaren 23an hasiko den Euskaraldia herriari hurbiltzeko asmotan, larunbat honetan Zumaian egun osoko izen-emate festa antolatuko dute. Eusebio Gurrutxaga plazan egingo da ekitaldi berezi hau eta herritarrek goizez 11.30etik 14.00etara, zein arratsaldez 19.00etatik 21.00etara bitartean izango dute euskararen aldeko ekimenean apuntatzeko aukera.

Herriko festak balira bezala, ez da kalejirarik ezta musika emanaldirik faltako larunbatean. Izan ere, arratsaldez Berri Txarrak taldearen bertsioak egiten dituen Parrazta zumaiarrek kontzertua eskainiko dute Odieta frontoian. Gazteei zuzendutako tartea izango da hau eta bertan Kuraia taldearen musika ere entzungarri izango dute. Goizez, ordea, hainbat ekitaldik herri osoaren arreta erakarriko dute: besteak beste, Maddalen Arzallus eta Amets Arzallus bertsolarien emanaldia, Zumaiako Udal Musika Bandarena, San Pedro abesbatzarena, Astindu dantza taldearena eta Esti Curiel eta Goizeder Iturain an-tzezleena ere.

Torreberri gaztetxeko arduradunek iragarri dutenez egunean bertan informazio gune bat prestatuko dute herritarrei Euskaraldiaren inguruko nondik norakoak azaltzeko eta ahobizi eta belarriprest rolen inguruko informazioa zabaltzeaz gain, haien inguruko zalantzak argituko dituzte. - N.O.