Ostiral arratsaldean ospatu zen Salbatore Mitxelena Sarien XLIII. edizioaren sari banaketa ekitaldia Zarauzko Modelo Aretoan. Udalak antolaturiko ipuin eta olerki lehiaketa honek, urtero bezala, herriko ikastetxeetako ikasle, irakasle eta gurasoak bildu zituen, euskarazko literatur sorkuntza gaztetatik sustatzeko helburuarekin.
Ekitaldian zehar, giro atsegin eta hunkigarria nagusitu zen, eta parte-hartzaileen lanak omendu eta saritu ziren. Aurtengoan, guztira 526 lan aurkeztu dira, kategoria desberdinetan banatuta.
Epaimahaia osatu dute herriko ikastetxeetako ordezkariek eta bi idazlek. Hauek izan dira aurtengo edizioaren epaimahaikideak: Itziar Iruretagoiena Agirrezabalaga, Orokieta herri eskolako ordezkaria, Arantza Laskibar Agirresarobe, Antoniano ikastetxeko ordezkaria, Miriam Mendoza Etxabe, Salbatore Mitxelena ikastolako ordezkaria, Garbiñe Etxeberria Eizagirre, Oteitza lizeoko ordezkaria, Aitzpea Aranburu Zamora, Lizardi institutuko ordezkaria, Idoia Artola Malangre, La Salle ikastetxeko ordezkaria, Jose Luis Padron Plazaola, idazlea, eta Aitziber Etxeberria Garro, idazlea.
Sarituen zerrenda
Sarituen zerrenda kategoriaz kategoria aurkeztu zen. Hauek izan ziren sarituak: A1 mailan, ipuinetan lehen saria Xuhar Epelderentzat izan zen Ametsik gabe lanarengatik. Bigarren saria Lur Osak eskuratu zuen Instrumentu magikoak ipuinarengatik. A2 mailan, ipuinetan, Martin Olaizolak irabazi zuen lehen saria Lagun ikusezina lanarengatik eta bigarren saria Maore Iturrarterentzat izan zen Amona motorista ipuinarengatik.
B mailan, ipuinetan, lau sari banatu ziren. Lehena, Anuk Aguadok eskuratu zuen Hildakoaren lorategia idazteagatik. Bigarren saria Oier Iturriozentzat izan zen Altxor bat baino gehiago ipuinarengatik. Hirugarren postua Irati Arizmendirentzat izan zen Asto zaharra idazteagatik eta laugarren saria Ekhi Zalduarentzat izan zen Itzalaren barneko argia lanarengatik.
Maila berean, baina olerkietan Uxue Gallasteguik irabazi zuen lehen saria Zelaiko Loreagatik. Bigarren Telma Labayenek egin zuen Haize orratzaren bizitza lana idazteagatik, hirugarren saria Nahia Manterolarentzat izan zen Mina lanarengatik eta laugarren Ur Iruretagoyena izan zen Bidaia olerkiarengatik.
C mailan, ipuinetan garaileak Adur Mutiozabal, Maialen Arizmendi eta Unai Lizaso izan ziren. Olerkietan, Marina de la Maza, Maddi Agirreazaldegi eta Haizea Leizaola nagusitu ziren. D mailan, ipuinetan, Nadet Itxaso, Unax Zaldua eta Saioa Novelli izan ziren sarituak eta Andoni Aranberrik aipamen berezia jaso zuen. Olerkietan, aldiz, Maddi Lasa, Saioa Novelli eta Amaia Perezek irabazi zuten. Azkenik, E mailan, ipuinetan Malen Tapiak, Adei Urbitartek eta Lorea Perezek jaso zuten saria eta olerkietan Naroa Bordagaraik, Maitane Etxabek eta Naia Hammondek irabazi zuten. Informazio gehiago eskura daiteke Zarauzko Udalaren webgunean.