urretxu - Urretxuarrek Santa Anastasia jaiak ospatuko dituzte gaurtik astelehenera bitartean. Aldaketa eta berrikuntzen artean, aipatzekoa da txistulari alardea larunbat arratsaldean izango dela. Orain arte gauean egin da eta ikusleak eta musikariak ez hozteko pasa dute arratsaldera.

Kalera irteten lehenak gaztetxoak izango dira. 17.00etatik aurrera beraientzako ekintzak egongo dira Iparragirre plazan eta Gazte Bidean lokalean. 18.00etan erraldoi kontzentrazioa egingo dute Mundo Mejor, San Martin eta Pagoeta auzoetan. 18.30ean, berriz, Kalabazinaren Igoera egingo dute (gaztetxetik txosnetara). 19.00etan buruhandiak eta erraldoiak irtengo dira aipatutako hiru auzoetatik eta Urolatarrak txarangak herriko kaleetan joko du. 19.30ean txistulariek eta musika bandakoek egingo dute kalejira. 20.15ean Goierri eta Mondragon Unibertsitatea taldeek saskibaloi partida jokatuko dute.

20.30ean Lekaio kultur elkartekoek pregoia irakurriko dute. Elkarte honek, baserritarren laguntzarekin, baserriko bizimoduari buruzko monografikoak antolatu ditu Euskal Jai egunean. Iaz antolatzeari uztea erabaki zuten eta herritarren omenaldia jasoko dute.

21.00etatik aurrera kontzertuak egongo dira txosnetan eta gaztetxean eta 23.00etan hip-hop jaialdia egingo dute Gernikako Arbola plazan. Falsalarma, Agresión Verbal, Throw Rap, Artillería Pesada eta Ghetto Skillz-ek abestuko dute.

Larunbata Bihar goizean abelgorrien erakusketa eta lehiaketa eta azoka ekologikoa egongo dira Abenidan. Erakusketako txekor baten pisua asmatzen duenak produktu ekologikoz osatutako lote bat eramango du etxera. 12.00etan bertsolariek abestuko dute eta zezentxoak egongo dira San Martin auzoko plazatxoan, 12.30ean abelgorri lehiaketako sariak banatuko dira, 12.50ean txekorra pisatuko dute eta 13.00etan lehiaketa horri dagokion saria banatuko dute. Goizeko ekitaldiekin bukatzeko, Tio Teronen Semeak dantza taldeak Festamentua ikuskizuna eskainiko du Gernikako Arbolan. Antton Fernandez urretxuarra talde honetako kidea da.

16.00etan xake txapelketa jokatuko da Areizaga-Kalebarrenen, 17.00etan gastronomia lehiaketa hasiko da, 17.00etan haurrentzako ikuskizuna egongo da txosnetan eta 18.00etan haurrentzako sukaldari tailerra egongo da Gernikako Arbola plazan eta idi probak Barrenkaleko probalekuan.

18.30ean jolas zoro musikatuak egongo dira Areizaga-Kalebarrenen, 19.00etan txistulariek kalejira egingo dute, 19.30ean txistularien alardea hasiko da eta 21.00etan gastronomia lehiaketako sariak banatuko dituzte.

Gauean kontzertuak egongo dira. 22.30etik aurrera, Bake Faltsua, Bellako, Nogen eta Yogurinhak joko dute txosnetan. 23.00etan Doctor Deseo taldeak kontzertua emango du Gernikako Arbola plazan.

Igandean Euskal Jaia ospatuko dute. 12.00etatik 14.00etara euskal jaialdia egingo dute Gernikako Arbola plazan. Karrozen ibilaldia 17.30ean hasiko da. 0.30ean Gozategi taldearekin erromeria egingo dute. Bukatzeko, astelehenean urretxuarrak koadrilen eguna ospatuko dute.

Gaur eta bihar gauean autobusak egongo dira Legazpitik Urretxura joateko eta herrira itzultzeko. Bihar, Antzuolatik eta Bergaratik autobusak irtengo dira. Ordizia eta Beasainera itzultzeko autobusak ere egongo dira.