Errenteria - Errenterian irailaren 29an Bizipoza jaia ospatuko da. Izaera bereziko gaiak lantzen dituzten 33 elkartez osatuta dago Bizipoza elkartea.

Jaiarako bost gune egongo dira eta ekitaldi gehienak doakoak izango dira; soilik Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna eta bazkaria izango dira ordaindu beharreko ekintzak. Nahiz pailazoak, nahiz bazkarirako txartelak bost eurotan saltzen dira. Sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte Internet bidez, www.bizipoza.eus helbidean.

Pailazoen ikuskizuna 11.45ean izango da Irria gunean. Bazkarirako, berriz, bi txanda izango dira. Lehen txanda 13.30ean izango da, eta bigarrena 15.00etan. Bi bazkariak Merkatuzar eraikinean izango dira, eta menua ondorengoa: sarrerakoak, oilaskoa saltsan, postrea eta edaria. Bazkarirako txartela erosteko momentuan garrantzitsua izango da bakoitzak zein txandatan bazkaldu nahi duen aukeratzea.

Antolatzaileek bi ekintza hauetako sarrerak lehenbailehen erostea gomendatu dute oso azkar amaitzen baitira. - A.M.