Bosgarren urtez, hutsik egin gabe, jazz musikak Goierriko bi udalerritako txokoak melodiaz beteko ditu eta modu honetan, musikazaleek Arama eta Ordiziako udalerrietan Arama Jazz Elkarteak Goierriko Jazzaldiko aurtengo kartelean programaturiko musikariez gozatzeko aukera ezinhobea izango dute. Urtzi Etxeberria ordiziarra antolakuntzan ibiltzen da, eta haren hitzetan “jende guztiarentzako aproposak” diren taldeak ekarri dituzte, guztiek jazzarekin disfrutatu dezaten.
Bihar arratsaldean hasi eta larunbatera bitartean sei kontzertu eskainiko dituzte. Ohiko moduan, kontzertu guztiak doakoak izango dira. Eguraldia lagun, Ordiziako Amonane pubaren terrazan hasiko da jazzaldia. Gaueko 22.30ean irekiko da edizioa, Buffalo taldeak eskainiko duen kon-tzertuari esker. Talde hau, Ander Ederra gitarristak, Joanes Ederra baxu joleak, eta David Gorospe bateriajoleak osaturiko talde instrumentala da. Zarautzen sortua zen duela hamar urte eta ordutik hiru lan argitaratu dituzte. Azken lanak duela hiru urte ikusi zuen argia, Zinematik izenpean.
bertako eta nazioartekoak Ostiralean, ohitura bihurtu denez, Ordiziako Plaza Nagusian ospatuko dira emanaldiak. Kasu honetan, hiru kontzertu izango dira. Arratsaldeko saioa Combo Jazz taldeak irekiko du 18.30ean. Talde hau 2014. urtean sortu zuten eta Andoni Arratibel Ordiziako musika eskolako irakaslea du zuzendari. Jazz, blues, soul musikaren klasikoen bertsioak jotzen ditu talde honek, “musika atsegina eta erraz entzungarria jendearengana gerturatuaz”. Taldea Ianire Herzog, Xabier Mendizabal, Iñaki Puyadena, Beñat Arribas, Oihan Perez, Andoni Unanue, eta Xabier Mendizabalek osa-tzen dute. “Urtero goierritar taldeei aukera eman nahi izaten diegu jazzaldian parte hartzeko eta aurten hauek izango dira taula gainera igoko direnak”, nabarmendu du Etxeberriak.
Kontzertu horren ostean, 19.30ean, toki berean, Donostiako Sky Beats taldeak bere errepertorioa eskainiko du. Talde honek soul musikaren sentsibilitatea eta rock n’ rollaren indarra batzen dituela agertu dute antolakuntzakoek.
Ostirala, dudarik gabe, indar handiarekin etorriko da. Azken kontzertua, 23.00etan hasita, “oso kontzertu handia” izango dela aurreratu du Etxeberriak: “Rachel Therrien Quintet kanadiarra izango dugu talde-buru. Aurtengo berezitasuna nazioartekotasuna izango da beraz, izan ere, beste urteetan kanpoko taldeak etorri diren arren, aurten lehen aldiz atzerritar bat izango da talde nagusia. Honek kontzertu zein jaialdiari bestelako dimentsio bat ematen dio. Aurtengo jazzaldia inoiz baino interesgarri eta indartsuagoa izango da”.
jazzaldia, aramara Ordiziatik Aramara joango da jazzaldia larunbatean. Bertako pilotalekuaren alboan dagoen plazan jazzaldiaren programaz geratzen denaz gozatzeko eszenatokia izango da. “Jendeak lurrean hondartzako eskuoihalak jarri eta garagardo batekin kontzertuaz gozatzeko aukera eskaintzen du inguruak”, gehitu du.
Hala, larunbat arratsaldean Japon aldetik datorren talde bat egongo da. 19.00etan, Juan Ortiz Tokyo Trío + Gianni Gagliardi kontzertua izango dute. Ortiz, pianojole bilbotarrak Musikenen egin zituen ikasketak eta egun Tokion bizi da, bertako jazz eszenan aktiboki parte hartuz eta Japon osoko jazzaldietan bere musika eskainiz. Musikarekin amaitzeko, gauean, Funkdamental taldearen txanda izango da. “Dantza egiteko moduko musika” jarriko dutela aurreratu du Etxeberriak.
“Oso gustura” daude jazzaldiaren antolakuntzan dauden guztiak jendearen harrerarekin. Urtzi Etxeberria: “Lehenengo ediziotik jende asko gerturatu izan da eta uste dugu dagoeneko fidelizatuta dagoen publikoa badugula. Jazzaldi txikia da baina guztientzako modukoa”.