Zarautz - Zarautzek 11. urtez hartuko du larunbat honetan Zarauztik Mundura festa, herrian dagoen kultura aniztasuna erakutsi eta goraipatzeko helburuarekin, eta egun osoan zehar hainbat jatorrietako gastronomia, kultura eta folklorea ezagutzeko aukera izango da Lege Zaharren enparantzan, 12.30etik aurrera.

Prentsaurrekoan Inmigrazio zinegotzia den Iratxe Zorrozuak, azpimarratu zuenez, “kultura aniztasuna gure herriak daukan aberastasunik handienetakoa da”, eta hori erakusteaz gainera, aurten kulturartekotasun arloan herrian egiten den lana balorean jarri nahi da. Zentzu horretan, Antoniano eta Orokieta eskoletan Ongi Etorri Eskolara proiektuan egiten ari diren lanketa herrian ezagutzera eman nahi dute. Programa horretan zarauztar etorri berrien harrera hobetzeko eta kulturartekotasuna lantzeko lana egiten ari dira, eta proiektua ikastetxeetan lantzen ari den Oihane Aisak azaldu zuenez, ikas komunitate osoak hartuko du parte ekitaldian; hala nola, ikasleak, irakasleak, familiak eta proiektuko kideek.

Hala, 17.00etan irekiera emango diote arratsaldeari zenbait tailerrekin (grafia ezberdinak ezagu-tzeko, loreena, Pazko arrautzak egiteko edota hennarena). Horretaz gain, aniztasunaren horma-irudi bat egingo dute. “Herrian dauden hizkuntza guztiekin gure herriko esaldia nahi dugu egin, ahalik eta hizkuntza gehienetan”, eman zuen jakitera Aisak. Amaitzeko, txokolatada bat izango da (18.30), Palmira dantza taldearen emanaldia (19.00), eta Son Kandela taldearen kontzertua izango dira (20.00).

Arratsaldeko ekitaldiak herrian egiten ari diren lana erakutsiko duten arren, goizean, 12.30etik aurrera, Jalgi Dantza taldea eta munduko hainbat dantza ikusteko aukera izango da, eta munduko jakien dastaketa ere egongo da aurreko urteetan bezala, Nikaragua, Kolonbia, Guatemala, Sahara, Senegal, Peru, Bolivia eta Mexiko herrialdeen postuekin.

Asteburu honetako festaren ondoren, hurrengo larunbatean, hilaren 19an, kulturen arteko bazkaria egingo da gaztelekuan. Bertan parte hartu nahi dutenek dagoeneko txartelak eskuragarri dituzte 8 euroren truke, gizarte zerbitzuetan.