Getaria, Elkanoren lehorreratzea prestatzen
Abuztuaren 7an egingo den antzezpenean parte hartzeko irizpideak aurkeztu ditu Getariako Udalak
Lau urte igaro dira dagoeneko eta uda honetan egingo da berriro ere, datorren abuztuaren 7an, Elkanoren lehorreratzearen antzezpena Getarian. Udala hasia da egun berezi horretarako prestakuntzak egiten eta aste honetan aurkeztu du herritarren aurrean aurtengo lehorrera-tzean parte hartzeko irizpideak zein izango diren.
Ibon Gereka parte-hartze zinego-tziak aurkezpenean azaldu zuenez, udal gobernuaren erronka izan da Elkanoren lehorreratzean herritarren parte-hartzea sustatzea, eta helburu hori lortu nahian, lehen urratsa egin zen 2014ean, lehenengo aldiz kontinenteak ordezkatzen zituzten emakumeak zozketa bidez aukeratuz.
Bide horretan sakonduz, aurtengo irizpideak bi izango dira: genero-ikuspegia eta parte-hartzaileak zozketa bidez aukeratzea. Hala, pertsonaia historikoei (Elkano eta tripulatzaileak) dagokienez, haien generoari eutsiko zaio, baina historikoak ez diren pertsonaietan (kontinenteetako ordezkariak, lantzariak eta karroza laguntzaileak) ez da genero-bereizketarik egingo. Beraz, emakume nahiz gizonezkoek parte hartu ahal izango dute antzezpenean.
Zozketa bidez Bestalde, Gerekak zehaztu zuenez, aurrerantzean zozketa bidez aukeratuko dira tripulatzaileak: “Aurten 2014ko tripula-tzaileek jarraituko dute, oro har, baina tripulatzaile berriak zozketa bidez aukeratuko dira; aurten, hain zuzen, bi tripulatzaile berri sartuko dira era horretan”. Horretarako, bi baldintza bete beharko dira: 18 eta 35 urte bitartekoa izatea eta itxura fisikoari dagokionez, antzeztuko den pertsonaiaren egoerari dagokion gorpuzkera izatea. Bestalde, kontinenteetako ordezkariak, lantzariak eta karroza laguntzaileak ere zozketa bidez aukeratuko dira.
Izena emateko lau zerrenda irekiko dira (tripulatzaileak, kontinenteetako ordezkariak, lantzariak eta karroza gidariak) eta pertsona bakoitzak zerrenda batean baino gehiagotan eman ahal izango du izena. Izena emateko epea apirilaren 9tik 23ra egongo da zabalik, eta horretarako udaletxera edo turismo bulegora joan beharko da. Zozketa, berriz, jendaurrean egingo da apirilaren 28an, eguerdiko 12.00etan, udaletxeko pleno aretoan.