segura - Aurten, Segurako 23. Iparra-Hegoa kultur ekitaldia ospatzen dabiltza herrian eta asteburuan hainbat ekintza eta ekitaldik beteko dituzte orduak. Gaur iluntzean, esaterako, arkume errea eta sagardoa dastatzeko aukera izango da plazan, Etxepare txarangak, Polekelekek eta Kuxkuxtuk alaituta eta gauean Bull disko-jar-tzailea izango da.

Bihar ere egun handia izango dute Seguran eta ekintzak goizean goiz hasiko dira. Hain zuzen, goizeko 9.00etan Euskal Herriko hainbat herritako mendizalek Goierrikoekin batera mendi irteera egingo dute. Eguerdian eta arratsaldean, berriz, Euskal Herriko gazteen topaketa izango da. Elkartasuna eta lankidetzaren irudi, Etxepare Lizeoko eta Segurako gazteek eguerdian gazteen bazkaria eta arratsaldean pilota desafioa egingo dituzte. Bestalde, iluntzean, 19.00etan, taloak eta ardoa dastatzeko aukera izango da, Polekeleke txaranga, Speiz Mukaki eta Kuxkuxtu txarangak alaituta. Gaua musikak alaituko du eta 23.00etan, Lapurdiko Iñazki taldearekin dantzaldia izango da.

Igandean amaituko da aurtengo edizioa. 10.00etan hasiko da sukalkia prestatzeko txapelketa eta 11.30ean ekitaldi instituzionala egingo dute Goierriko eta Iparraldeko hautetsiek, Udaletxean. 12.00etan, Iruñeko Oberena fanfarre eta dantza taldearen saioa izango da, eta ondoren txakolin dastaketarekin jarraituko dute festa. 14.00etan, Euskal Herriko lotura islatzen duen Gereziondoko ekitaldia egingo dute eta aurtengo gonbidatu berezia Anaiz Funosa bake artisaua izango da. Jarraian, herri bazkaria egingo da. - M.A.