ordizia. Asteburu honetan hasiko dituzte Ordizian Ahoz aho programako ekintzak. Martxoaren 3an hasi eta 16ra bitartean hainbat saio izango diren arren, larunbat honetakoa berezia izango da. Izan ere, VI. Ipuinen ahozko narrazio lehiaketa izango da. Istorio bat edota ipuin bat kontatu nahi duten pertsona guztiei irekitako lehiaketa da eta larunbatean, arratsaldeko 19.00etan hasiko da ekitaldia, Ordiziako D’elikatuz gunean.

Lehiaketako parte-hartzaileak honakoak izango direla aurreratu dute antolatzaileek: iazko edizioan irabazlea izan zen Amaia Pagola tolosarra, Joxe Aldasoro (Etxarri-Aranatz), Vanessa González (Arrasate), Sebas Gutterdege (Zumarraga), Amaia Ruiz de Galarreta (Tolosa) eta Román Marzana (Elorrio). Horiez gain, etzi gidari lanak egiten arituko dena beste behin ere Iñaki Carretero izango da.

hiru sailkatu Ahozkotasunari indarra emateko eta ariketa arina izan dadin, parte-hartzaile bakoitzaren narrazioak zortzi minutu iraungo du gehienez ere. Epaimahaiaren erabakiaren eta publikoaren botoen bidez, hiru narratzaile hautatuko dira eta Ahozkotasunaren Gala Handian parte hartzeko txartela eskuratuko dute.

Lehiaketako final nagusi hau martxoaren 24an egingo da Barrena Jauregian eta bertan sailkatutako hiruek haien istorioak kontatuko dituzte berriro, Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia aurten osatuko duten gainerako izarrekin batera. Sailkapenean lehena gelditzen denak 300 euroko saria eskuratuko du, 200 eurokoa bigarenak eta 100 eurokoa hirugarrenak.

Lehiaketarekin batera beste proposamen berezia entzuteko aukera izango da Ordizian: Iban Moreno donostiar gitarra-jolea da gonbidatua eta hainbat lan interpretatuko ditu.

Ahoz aho programak, hala ere, hainbat ekimen bilduko ditu egunotan. Martxoaren 10ean, Amaia Puin eta Benita Prieto Barrena jauregian izango dira 17.00etan eta Zirkolore-tsua zirko kalejira egingo dute Plazan eta Garagartza plazan, 19.30ean. Hilaren 12an, Pello Añorga Ordiziako Goiztiri AEK Euskaltegian izango da, 18.00etan. Bestalde, martxoaren 13an, Eneko Haritzak Ordiziako Urdaneta ikastetxea bisitatuko du 10.00etan eta 11.15ean, Jakintza ikastola. Hilak 15ean Ane Gebara izango da bi ikastetxe horietan ordu berean eta 18.00etan Maider Alzelai eta Zoa Tamara Cuellar Barrena jauregian arituko dira eta 22.00etatik aurrera Ataungo Troska-eta tabernan Alzelai eta Christian Atanasiu izango dira. - M.A.