Getariako Elan Euskadi gobernuz kanpoko erakundeak mundu zabaleko errealitate sozialari begiratzen dio, eta herrialde pobretuei laguntza eskaintzeaz gain, aurten 25 urte bete dituzte elkarteak antolatutako jardunaldiek, errealitate horiek getariarrei zabaldu nahian.

Hala, XXV. urteurreneko jardunaldiekin jarraituz, bihar Sor Lucia Caram moja ezagunaren bisita jasoko dute. Corresponsables ante el dolor de los empobrecidos izeneko hitzaldia eskainiko du, arratsaldeko 19.00etan Ulpiano Aretoan.

“Konturatzen gara denboralditxo batean aletxo bat ipini dugula garapenerako elkarlanean, baina argi dugu ere, elkarlanean eman duguna baino gehiago jaso dugula 25 urte hauetan”, dio Elan Euskadiko Paskual Elustondok. Izan ere, berak azaltzen duenez, getariar asko izaten dira jardunaldietara hurbiltzen direnak, baina baita bailarako jende ugari ere.

Urte hauetan guztietan landutako gaiak askotarikoak izan dira, baina “garapen gaiak edo gutxien dutenei eragiten dien gaiak” dira gehienbat lantzen dituztenak. “Gure begirada soziala da eta batez ere, mundura begiratzen dugu, bertako gai sozialak ahaztu gabe. Gaur egungo hedabideetan isla gutxien duten gaiei lekua eman nahi diegu; aurrena ikasi, gero kritikatzeko”, azaltzen du Elustondok. Zentzu horretan, “asmo utopikoa” dutela dio; hau da, Elan Euskadi edo antzeko elkarteen beharrik ez izatea nahi dute, baina hori gertatu bitartean orain arte bezala lanean jarraitzeko asmoa dute, betiere “garapenerako elkarlanean aurrera eginez”.

Biharko hitzaldiari dagokionez, herritarrak animatu ditu ekitaldian parte hartzera: “Corresponsables (arduradunak) eta empobrecidos (pobretuak) hitzek argi islatzen dute zertaz arituko den Sor Lucia Caram; pobretzeak arduradunak ditu. Moja hau injustizia asko bizitakoa da bai Argentinako diktadura garaian bai eta ondoren ere; injustizia horien aurka lan egin du bizitza osoan. Oso ezaguna da ia egunero azaltzen delako telebistan, irratian edo prentsan, hori bai, bere zeregin nagusia ahaztu gabe, alegia, Kataluniako fundazio batean egiten duen lana pobretuen alde”.