Síguenos en redes sociales:

Zarauzko Gaztelekuak ekitaldiz josita igaroko ditu Gabonetako egunak

Gabonetako Nerabe Gunea hilaren 29 eta 30ean zabaltzeaz gain, hiru irteera antolatu dituzte

Zarautz - Zarauzko Haize Orratz udal gaztelekuak askotariko ekin-tzaz betetako egitaraua prestatu du Gabon egunetarako eta Gazte Gabonak 2017 izena jarri diote ekitaldi sortari. Hala, hilaren 23tik urtarrilaren 7a bitartean, ondo pasatzeko prest dauden gazteek eskaintza zabala izango dute; hala nola, topaguneak, eguneko irteerak, lo egitera joateko irteerak eta Gabonetako Nerabe Gunea.

Jon Andoni Urdangarin Gaztedia zinegotziak Gabonetako Nerabe Gunean gazteentzat eskaintzen den programazioan “denetarik eta denontzat dagoela azpimarratu du: “Gure betiko asmoa izan da herriko gazte guztiei zuzendutako ekintzak antolatzea, aniztasuna bermatuz, guztiengana heltzeko”. Hala, Gabonetako Nerabe Gunea 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat zuzendua egongo da, doakoa izango da eta bi egunetan zabalduko da: abenduak 29 eta 30ean. Besteak beste, abenduaren 29an txapak eta imanak egiteko tailerrean parte hartu eta Looping Bike eta Big Baller puzgarriekin jolasteko aukera izango dute. Abenduak 30ean, aldiz, 3D tailerra eskainiko da, eta dardo eta bingo txapelketak antolatuko dira. Honez gain, Kutrilloia ospatuko dute Frontoi Zineman. Ordutegiari dagokionez, Gabonetako Nerabe Gunea 16.30etik 20.00etara zabalduko da eta aipatutako ekintzez gain, bi egunetan futbolina, billarra, mahai jokoak eta musika izango dira.

Bestalde, hiru irteera antolatu dituzte: Ilargi berdera (26an), Karting batera (27an) eta Belabaratzera (urtarrilaren 4etik 5era). Parte hartzeko izen eman behar da Gazte Informazio Bulegoan (Zigordia kalea, 24) astelehenetik ostiralera 17.00etatik 20.00etara. - A.R.