“Sortzen ditudan apaingarri eta objektu turistikoak guztiz propioak eta bakarrak dira”
Libe Andrés Sarratea pasaitarra Blai enpresa sortuz bere bi pasioak, artisautza artistikoa eta birziklapena, bateratu dituen ekintzailea da.
Pasaia - Etxean bere eskulanak urtetan egin ondoren, Libe Andrés diseinatzaile grafikoak duela urtebete erabaki zuen profesional bezala bere tailer propioa irekitzea. Berak esaten duen bezala, “a la aventura” ateratzera ausartu zen. Blai tailerra sanpedroko enbarkaderotik oso gertu aurkitzen da. Gainera, laster webgune bat irekiko du eta bere produktuak Internet bidez erosi ahal izango dira.
Zer da Blai enpresa?
-Blai enpresa artisautzako tailer bat da, alde batetik umeentzako body-ak, kamisetak, zorroak, estutxeak? bezalako produktuen estanpazio grafikoaren eta, bestalde, bigarren bizitza erabilgarri bat emanez bigarren eskuko objektu apaingarri edota turistikoen edo material birziklatuekin sorturiko lehen eskuko artikuluen diseinu grafikoaren gaiak jorratzen dituena gehienbat.
Nola sortu zen ideia? Noiztik zenerabilen buruan zure kontu lan egitea?
-Betidanik izan dut gustuko artisau-tzako objektuak sortzea eta, lehen, nire denbora librea eskaintzen nion jarduera honi. Hori dela eta, publizitate agentzi batetan nuen kontratua amaitu nuenean, buruan nuen proiektu hau errealitate bihurtzea erabaki nuen. Etxean aspalditik nenbilen lanean, baina tailerra zabaldu eta autonomo bezala alta eman lehengo urtean egin nuen.
Zer da zuk bezalako enpresengandik desberdintzen zaituena?
-Sortzen ditudan objektu apaingarri eta turistikoak guztiz propioak dira, diseinutik hasita produktu bihurtu arte. Lehenik ezaugarriak diseinatu eta ondoren eskuz lantzen ditut, amaitutakoan estanpatzeko. Lan artisaua da eta bai amaierako produktuan eta baita eskaintzen diodan denboran ere nabaritu egiten da hau. Gainera, ahal dudanean material birziklatuak erabiltzen saiatzen naiz. Pieza bakoitza bakarra da hauen sortze prozesuari dagokionez. Nahiz eta diseinuak errepikatu, produktuak inoiz ez dira guztiz berdinak izango.
Zure ustez Blai tailerrak zer eskaintzen dio gaur egungo gizarteari?
-Alde batetik, mimo handiz egindako, arretaz landutako diseinu bereziak eta, nola ez, ukitu artisauak dituzten produktuak eskaintzen ditut. Bestetik, nornahik objektuak bere diseinu propioarekin pertsonalizatzeko aukera ere eskaintzen dut.
Non eta nola ikusten duzu zure burua hemendik bost urtetara?
-Nire burua non eta nola aurreikusten dudan esatea zaila da, baina argi daukat zer den nahi dudana. Nire buruari ezarri diodan helburua, proiektu ezberdinen bidez lan egitea da eta sortzen ditudan produktuak webgunearen bidez saltzea nagusiki.
Zein dira nagusiki zure bezeroak? Bertakoak edo turistak?
-Gehienbat hemengo jendea da, baina turistaren bat ere bai etortzen da. Gainera, ni diseinatzaile grafikoa naiz eta nire zerbitzua beste negozio eta pertsona batzuei eskaintzen diet. Bi alderdi horiek batzen ditut, diseinua eta estanpazioa eta diseinatzaile zerbitzua. Adibidez, orain Trintxerpeko neska batentzat bere dendako markarekin poltsak egiten ari naiz. Produktu bereziak sortzen saiatzen naiz, “a la carta” zerbitzuak eskaintzen ditut.
Zein laguntzak jaso dituzu? Instituzioen babesa izan duzu?
-Bai, Oarsoaldea garapen agentzian, lehenik nire negozio ideia aurrera ateratzeko aholkularitza zerbitzua eskaini eta ondoren bideragarritasun plana osatzen lagundu zidaten. Horretarako bilera batzuen bitartez plana garatzen joan ginen, bilera horiek enpresa ideiari forma emateko balio izan zidatelarik. Bestalde, behin bideragarritasun plana bukatuta, Emekin-eko laguntza jaso dut Oarsoaldeari esker. Laguntza hauez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak artisautza sustatzeko eskaintzen duen diru laguntza ere eskatu berri dut.
Non aurkitu zaitzakegu?
-Lehen Pasai San Pedron zegoen kantina da orain nire tailerra. Pasai Donibanera gurutzatzeko barkua hartzen den plazan bertan dago kokatua (San Pedro kalea, 56 bis). Horrez gain, Facebook (https://es-es.facebook.com/blaipasaia) eta Instagram (https://www.instagram.com/blai_pasaia) sare sozialen bidez jar zaitezkete harremanetan nirekin eta, gainera, laster erabilgarri egongo den webgune propioa sortzen nabil.
Zure tailerra oso kokaleku bitxian dago. Zergatik erabaki zenuen kantina zaharrean zure enpresa zabaltzea?
-Bada justu horregatik, oso bitxia delako. Aspaldi ikusten nuen itxita eta pena handia ematen zidan lekua oso bitxia delako. Gainera, San Pedron bizi naiz eta antolatzeko ondo etortzen zitzaidan hemen egotea. Aukera ikusi nuenez, hemen hasi nintzen lanean.
Orain gabonetan gaudela eta festa garaia dela, gehiago saltzen da? Mugimendua ikusten da?
-Ez dakit ondo, nire situazio pertsonala dela eta goizez bakarrik egon naiteke. Orain nire lana haur txiki batekin kontziliatu behar dut eta goizez bakarrik etortzen naiz tailerrera. Agian ez da momenturik aproposena neurtzeko mugimendu gehiago dagoen ala ez ikusteko. Lehenengo urte hau nahiko anomaloa izaten ari da. Udaran bai jende asko pasatzen dela.
Más en Gipuzkoa
-
Cambios en los horarios municipales de Lazkao por la temporada estival
-
Errenteria revisa y actualiza los recorridos de orientación
-
Fin de etapa del Eibar en Arrasate: el balón vuelve a dejar de rodar en Atxabalpe
-
La nadadora urretxuarra Nahia Garrido ha logrado una medalla de plata en el campeonato de Europa junior