San Gregorio ermitako erromeria, bihar
Hainbat hamarkadetan tradizioa galdu egin zen, baina iaz, Udalaren laguntzaz, berreskuratu egin zen
beasain - Iaz berreskuratu zuten Beasainen hainbat hamarkadetan galdua egondako Astigarreta auzoko San Gregorio ermitako erromeria. Alabaina, Udal gobernuaren helburu eta konpromezuetako bat izan da hasieratik euskal usadio horren berritzea, eta hala, joan den urtean, baselizak itsura berriturik ospatu zuen antzina galdutako erromeria eguna, eta aurten ospatuko dute aspaldiko tradizio. Azken berrikuntzetan, teilatua, barruko aldarea eta hormak hobetu zituzten.
Beste behin, Astigarreta auzoko bizilagunak izan dira erromeria-egunaren antolatzaileak. 11.30tan txalapartariek emango diote hasi-era jai egunari. Eguerdiko 12.00-etan meza izango da ermitan. Ondoren salda eta pintxoak eskainiko dira bertaratzen direnei eta bitarte horretan Eskisabel anaiek txalaparta saioa eskainiko dute eta jarraian Laja eta Larrañaga trikitilarien txanda izango da. 14.00etan bazkalduko dute eta horretarako bakoitzak berea eraman beharko du. Bazkal ondoren hasiko da erromeria trikitilariekin eta 19.00ak bitartean iraungo du.
San Gregorio ermitaraino iristeko oinez abiatu beharko da Mandubia gaineko aparkalekutik abiatzen den bidea hartuz. Baina Beasaingo Udalak, iaz egin zuen bezala, ibilgailu zerbitzua jarriko du oinez ibiltzeko zailtasunak dituzten guztientzat. Ibilgailuak hartzeko ordua goizeko 11.00etan izango da Mandubia gaineko aparkalekutik. - M.A.