Asteasu - Asteburu honetan Zuberoako Maskaradak barru-barrutik bizitzeko aukera izango da Aiztondo bailaran.

Gaur, 18.00etan, Asteasuko plazan ongi etorria egingo diete bailarako udal ordezkariek eta Udalbiltzakoek Zuberoatik iritsiko diren kideei eta, ondoren, afaria izango da. Eta bihar Maskaradak jokatuko dira. Egitarauari dagokionez, 10.00etan, Asteasuko plazan barrikadak izango dira; 11.00etan, Alkizako Leten; 12.00etan, Adunako plazan; eta 13.00etan Zizurkilgo udaletxe aurrean. Ondoren, 14.00etan, bazkaria izango da Larraulgo frontoian eta, arratsaldean, 16.30ean, Maskarada jokoak Larraulgo plazan.

Maskaradetan etxez etxe edo baserriz baserri ibiltzen dira, baina Aiztondon herriz herri ibiliko dira. Barrikadaren ondoren, ohikoa izaten da Maskaradetan publikoa gonbidatzea parte hartzera eta horretarako eskaini dituzte dan-tza saioak Aiztondoko herrietan “herritarrak hotzean ez harrapa-tzeko”. Denera, prestaketeta lanetan ehun lagun inguru bilduko dituzte.

Iganderako autobusak antolatu dituzte Villabonatik 11.35ean eta 13.05ean eta Asteasutik 11.40ean eta 13.10ean. Ondoren, itzulera egiteko autobusa 18.30ean aterako da.

Zergatia Inguruan ospatzen diren Inauteria ereduaz arduratuta sortu zen iaz lan-talde bat Aiztondon, gazteei “zerbait politagoa” eskaintzeko aukerak bazirela sinetsita. “Eduki handirik gabe Inauteriak ditugu askotan gure inguruan; hamar euroko plastikoa erosi eta festara goaz. Geure Inauteria baino gehiago ezagutzen dugu Halloween jaia, nahiz eta ez duen gure kulturarekin zerikusirik. Gazteen parte-hartzea ere sustatu nahi genuen eta hausnarketa honen ondorioz sortu zen Maskaradak Aiztondora ekartzeko egitasmoa”, azaldu du Aitor Atxega talde sustatzaileko ordezkariak. Horrela hasi ziren urte osoko lanketa egiten, asteburu honetan borobilduko dutena. - M.S.S.