lazkao - Korrontzi dantza talde bizkaitarra eta Lazkaoko Oin-Arin dantza taldea elkarrekin taula gainean ikusteko aukera izango da datorren maiatzaren 19an Areria aretoan, emanaldi bateratua eskainiko baitute. Sarrerak dagoeneko eskuragai daude udaletxean zazpi euroan.

Biek ala biek badute nahiko esperientzia, ibilbide handiko taldeak baitira. Talde bizkaitarra duela hamahiru urte hasi zen musikaren munduan Euskal Herriko musika tradizionala eta herrikoiari bultzada emateko asmoarekin. Antzinako doinuetan babestutako Euskal Herriko folk musikari gaurkotasuna erantsi dio Korrontzi taldeak, baina beti trikitiaren esparrua oinarri hartuta. Oin-Arin dantza taldeak aurten 51 urte beteko ditu. Euskal dantzak dituzte oinarri eta lazkaotar gehienak pasa dira taldetik. Lehenengo aldiz emango dute kontzertu bateratua eta bien arteko fusioaz gozatzeko aukera izango da bertan.

Gaur bertan, entsegua izango dute Lazkaon maiatzean eskainiko duten emanaldia prestatzeko. - M.A.