Zarautz - Pagoeta Mendi Lasterketaren 14. edizioa lehiatuko da bihar Zarautzen, eta aurtengo berrikuntza nagusia ibilbide berri bat txertatzea izan da, 7,5 kilometroko ibilbidea neska-mutilez osaturiko bikoteetan egiteko. Lasterketaren atarian 346 lagun daude izena emanda, eta antolatzaileek iragarri dutenez (aurten bigarren urtez antolatu du ekitaldia Ikastolako guraso talde batek, Pagoeta Mendizale Elkartearen laguntzaz) 350 korrikalari baino gehiago espero dituzte biharko proban.

Iaz 170 pertsonek hartu zuten parte eta aurten partaidetza bikoiztu egingo da, ohiko ibilbideaz gain, bikoteez osatutako proba gehitu dutelako. “Mendiko kirol-probetan emakumezkoen parte-hartzea sustatze aldera gehitu dugu ibilbide mistoa, distantzia motzekoa eta zailtasun handirik gabekoa”, azaldu zuen Iñigo Garciak aurkezpenean. Bestalde, azpimarratu zuen momentuz 95 bikotek eman dutela izena eta horietatik 50 zarauztarrak direla.

Ibilbide nagusian ere berrikuntzak egongo dira aurtengoan, eta 17 kilometroko ibilbidea izatetik 21 kilometrotakoa izatera pasatuko da. “Luzapenak hasierako zatian eta amaieran txertatu dira eta aldaketa hauei esker ibilbidearen mendibide portzentaia altuagoa izango da eta asfalto gutxiago zapalduko da”, zehaztu zuen Gari Urdanpiletak. Antolatzaileek arreta berezia jarri nahi izan diote bideari, eta pasabide ederrenak bilatzeko ahaleginak egin dituzte. Zentzu horretan, igoera ez da Argoin Txikitik barrena izango, jende gutxik ezagutzen duen mendibide batetik baizik, hain zuzen ere Basarte erreka paretik gora.

Bi ibilbideak zirkularrak izango dira eta Zarautzen hasi eta amaituko dira kiroldegiaren aurrean. Lasterketa nagusiari 9.30ean emango zaio hasiera eta mistoari, berriz, 9.45ean. Froga honek aurreko edizioetan utzi dituen ohiturei jarraituz, lasterketa ondoren hamaiketakoa eskainiko zaie parte-hartzaile zein ikusleei, doan, txotxa barne. Gainera, ibilbide nagusiko zein mistoko irabazleen-tzako sariez gain, lasterkarien artean hainbat opari zozketatuko dira eta lehen zarauztarrentzat ere sariak egongo dira. Azkenik, partaide guztiei poltsa bana emango zaie, kamisetarekin, txakolin edo sagardo botilarekin, eta jaki goxo batekin, besteak beste.

Dortsalak bihar goizean jaso badaitezke ere, antolatzaileek dortsalak gaur bertan jasotzea gomendatu dute, eta horretarako aukera izango da arratsaldeko 17.00etatik 19.00etara kiroldegiaren parean egongo den karpan, hain zuzen ere, Kikara tabernaren ondoan. Lasterketa luzean parte hartu nahi dutenek bihar goizean ere izango dute izena emateko aukera, dortsalak agortu arte.