Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu dute
Beasain, Lazkao eta Ordiziako Udalek bat egin dute euskarazko aitorpenen kopurua igo dadin
beasain - Lazkao, Ordizia eta Beasaingo Udalek aurtengo Aitorpena Euskarari kanpaina jarri dute martxan. 2009az geroztik urtero egiten den kanpaina da eta euskaraz egiten diren aitorpenen kopurua hazteko helburua du.
Datuei erreparatuz, argi ikus daiteke euskaraz egindako errenta aitorpenen kopuruak gora egin duela hiru udalerri horietan azken ekimenei esker. “Azkeneko zazpi kanpainetan hiru udalerrietako portzentajeak bikoiztu egin dira. Adibidez, Lazkaon, lau herritarretik batek euskaraz egiten du aitorpena”, esan zuen atzo Joxi Iturrioz Ordiziako zinegotziak. Beste herrietan ere gora egin du. Adibidez, Beasainen %8,37ak egin zuen euskaraz errenta aitorpena 2009an, eta 2015eko urtean, %17,49ak. Ordiziako kasuan, %8,29tik %18,19ra igo da. Nahiz eta datuak igo-era nabarmena izan duten, Iturriozek adierazi zuen aurtengo urteko helburua deklarazioa euskaraz iaz baino herritar gehiagok egitea dela.
informazioa, eskura Kanpaina honen baitan, hiri herrietan etxez etxe esku-orriak banatu dira eta herriko toki jakin batzuetan ere utziko dira edonoren eskura. Horrekin batera, Udaletako Euskara zerbitzuak errentaren aitorpena egiten duten aholkularitza zerbitzuekin harremanetan jarri dira eta egitasmo honekin bat egiteko eskatu diete.
Errenta aitorpena egiteko aukera apirilaren 18an hasi eta ekainaren 26ean amaituko da, baina apirilaren 6tik aurrera etxera bidalitako autolikidazio proposamenak onartu daitezkeela gogoratu zuen Beasaingo zinegotzia den Leire Artolak. Gainera, aitorpena egiteko hiru bide daudela agertu zuen: autolikidazio proposamena, mekanizatua eta Internet bidezkoa, eta euskaraz egiteko bideak azaldu zituen: “Lehenengo aukeran proposamena eta gutuna elebiz jasoko dira, baina onartzerako garaian nahikoa da informazioa euskaraz jaso nahi dela esatea. Errenta mekanizatuaren kasuan haziendako bulegoan hitzordua eskatzerakoan euskara erabili nahi dela esan behar da, eta Internet bidezkoan aholkularitza zerbitzura joatean espresuki azaldu behar da euskaraz egin nahi dela.