ordizia - Gaur hasi eta datorren martxoaren 24 arte garatuko da Ordizian Ahoz aho jaialdia. Programazio horren barruan, V. Ipuinen Ahozko Narrazio lehiaketa antolatu dute eta sailkapena gaur bertan izango da, D’Elikatuz gunean arratsaldeko 19.00etan. Lehiaketan edonork parte har zezakeen eta sei artistak eman dute izena: Irati Goikoetxea (Beasain), Maider Alzelai (Arrasate), Amaia Pagola (Tolosa), Ekain Auzmendi (Ordizia), Ane Gebara (Gasteiz) eta Sebas Gutterdege (Zumarraga). Aurkezle lanetan Iñaki Carretero izango da.

Parte-hartzaile bakoitzaren narrazioak zortzi minutu iraungo du, gehienez ere. Epaimahaiaren erabakiaren eta publikoaren botoaren bidez, hiru narratzaile hautatuko dira Ahozkotasunaren Gala Handian parte hartzeko. Saio hori martxoaren 24an ospatuko da, Barrena jauregian. Bertan, hiru sailkatuek beren istorioak kontatuko dituzte berriro ere, Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia aurten osatuko duten gainerako izarrekin batera. Epaimahaiak eta Publikoaren botoak sailkapena erabakiko dute, eta 300 euroko saria emango zaio irabazleari, 200 eurokoa bigarrenari, eta 100 eurokoa hirugarrenari.

Aurtengo edizioak, baina, badu bestelako berritasun bat. Lehiaketarekin batera beste proposamen berezia entzuteko aukera izango dute inguratzen direnek: Ekaitz Goikoetxea beasaindarraren istorioak. Goikoetxeak 2015. urtean berak sortutako ipuin eta kantuak jendaurrean ezagutarazteko lehen pausoak eman zituen, eta eskola-umeei zuzendutako saioetan ez ezik, Donostia Kulturak antolatutako Bazen behin-Literaktum saioan eta Ordiziako Ahoz aho jaialdiko Narrazio Lehiaketako gala nagusian partaide izan da. Gainera, berriki irabazi du beasaindarrak Oihenart aforismoen lehiaketa. - M.A.