Síguenos en redes sociales:

“Ez dugu udal aurrekontuen berririk”

2017 URTEKO AURREKONTUEN LEHEN ZIRRIBORROA BESTERIK EZ DUELA JASO SALATU DU | Getariako EAJ udal taldeak

Getaria - Getariak oraindik ez ditu 2017 urteko aurrekontuak onartu, eta Getariako EAJk aurrekontuen berririk ez duela salatu du. “Lehen zirriborro bat besterik ez dugu jaso”, aitortu dute EAJko udal taldeko kideek. Gainera, “datuak ez daude argi adierazita, ezta gaika sailkatuta ere, eta ez teknikoki ezta politikoki ere ez zaigu inolako azalpenik eman”, gaineratu dute.

Bestalde, urtarrilaren 24an aurrekontuaren lehen zirriborroa jaso zutenetik ez dela inolako bilerarik, ezta ogasun ez bestelako ba-tzorderik deitu ere salatu dute: “Susmoa dugu EH Bilduren Udal Gobernuak duen gehiengo osoa erabili nahi duela aurrekontuak korrika eta presaka onartzeko, aztertzeko denborarik izan gabe, eta aldi berean, EAJk Getaria suspertzeko eta EH Bilduren aurrekontuak osatzeko izan ditzakeen proposamenei tokirik egiteko nahirik gabe”.

Horretaz gain, bailarako ia udalerri guztiek aurrekontuak onartu dituztela gogoratu dute, eta Getarian oraindik zirriborro hutsean daudela adierazi dute: “Zarautz, Aia, Zumaia edo Urola Kostako Udalen Elkarteak jada 2016ko abenduan onartu zituzten 2017 urteari begirako proiektuak eta horiei dagozkien diru-partidak. Getarian, otsailak 17, eta zirriborroan”. Pasa den urtea ere inprobisazioz jositako eta proiektuz hutsa izan den urte gisa gogoratuko dutela gaineratu dute: “Getaria geldirik dago eta geroz eta nabarmenagoa da”. Are gehiago, jeltzaleen ustetan, ez dago plangintza estrategikorik Getarian: “Enpleguaren eta garapen ekonomikoaren sustapenean ez dute hatzik mugitu; turismo arloak Getarian izan behar duen ibilbiderik ez dute garatu; egun dauden azpiegiturak okerrera doaz, eta Udalak ez du horiek mantendu ezta behar berriei aurre egiteko proiekturik; herria zikin dago, garbiketan ez da azterketarik egin; eta herritarren parte-hartzea huskerietara muga-tzen dute, slogan gisa erabiliz, benetan garrantzitsuak izan litezkeen erabakiak alkateak bere bulegoan hartuz. Hori beste hainbaten artean”. Aurrekontuek Udalaren kudeaketan duten garrantziaz jakitun, proiektu eta ekimen ezberdinak gaineratzea proposatu zuten jeltzaleek 2016an, baina “tamalez, EH Bilduren Udal Gobernuak gure proposamenei bizkarra eman zien eta bat bera ere ez zuen onartu”.

Getariako EAJk ez du ulertzen zergatik herrian oraindik ez diren aurrekontuak onartu. “Onartezina da. Getariak ondo landutako eta alderdi zein herritar guztiok elkarlanean garatutako aurrekontuak merezi ditu”. Jeltzaleek eskua luzatzen diete berriro Getariako EH Bilduko kideei: “Aurretiaz beti egin dugun eran, hitz egin eta Getariak merezi duen udal politika garatzeko”. - A.R.