lazkao - Berrikuntzak izango dira nagusi datozen hilabeteetan Lazkaon. Iturgaitzaga auzoko garapeneko urbanizazio proiektuaren barruan, datozen egunetan emango diote hasiera obren laugarren faseari. Fase honetan gaur egun Iturgai-tzagan eraikita dagoen saihesbidea -Beasain-Ataun errepide nagusia- mendi aldera mugituko dute, 440 bat metro luzeko zatian: Lazkaomendiko errotondatik Antzalde parera. Bizpahiru metro mugituko dute ardatza eta Lazkaoko herrigunera beste sarbide bat sortzea izango da desplazamendu horren arrazoia. Horrez gain, Lazkaomendiko bidegurutzean eraikitako biribilgunetik erdiguneraino bi norabidetako bidea eta bidegorria eraikiko dituzte.

Bide zati berriak eta bidegorriak gaur egun Maizpide euskaltegiraino irekita dagoen bidearekin bat egingo dute, eta dagoeneko burutu dira lan horiek. Modu horretan, euskaltegi parean hasi eta ia Lazkaomendirako biribilgunera arte luzatuko da bide berria eta baita bidegorria ere, oinezkoen bide osoa modu seguruan egin ahalko dute, izan ere, egun ez dago horrelako biderik alde batetik besteraino.

Lan hauen iraupena “sei eta zor- tzi hilabete artekoa” izango dela aurreikusi dute. Denbora tarte horretan, lanek eragin zuzena izango dute barianteko trafikoan, besteak beste, lanak egin ahal izateko errepide estutzeak eta mozketa puntualak egin beharko baitira, ohiko trafikoan eragozpenak sortuz. Lazkaoko Udaletik herritarrei arretaz gidatzeko deia egin die, eta era berean errepidean jarritako seinaleei kasu egiteko eskaera zabaldu dute.

Lan hauen ejekuzioa aprobetxatuz, beste pauso bat emango du Udalak eta Lazkaomendirako oinezkoen pasoa egiteko proiektua ere martxan jarriko du. Oinezkoen azpiko pasoari dagokionez, Maizpide euskaltegiaren parean eraikiko da, eta oinezko bide hori bariante azpitik pasako da. Udalak 2014. urtean galdeketa egin zuen, nolako pasabidea egin zehazteko. Zortzi proposamenen artean, lurpekoa hobetsi zuten herritarrek, 240 boto jasota. Hala ere, hasierako proiektua ez da bere horretan gauzatuko, arrazoi teknikoak medio, eta antzeko irtenbide bat emango dute herritarren erabakiari bide emateko.

laugarren fasea Iturgaitzaga eremurako diseinatutako urbanizazio proiektua laugarren fasera iritsiko da saihesbidea desplazatzeko lanekin. Saihesbideko obra eta bide berria egiteko lanak 933.140 euroan esleitu dira, eta lanen kostua, berriz, Iturgaitzagako promotoreen gain geldituko da.

Aurretik, hainbat aldaketa eta berrikuntza izan dira Lazkaon. Hain zuzen, Lazkaomendiko biribilgunea egiteko lanak hartu zituen lehen faseak, bigarren fasean Iturgaitzaga kaleko lanak egin ziren, eta errealojoko etxebitzak ondoren. Hirugarren fasean Hiribarren kaleko lanak egiten ari dira gaur egun.