Segurako aurrekontua 45.000 euroan igo da iaztik
Zirkulazio plan berriarekin autobusek bakarrik igaro ahalko dute plazatik
segura - Segurako udalbatzak onartu berri du aurtengo aurrekontu partida: 1.571.120 euroko udal aurrekontua izango du, iaz baino 45.000 euro gehiago. Udalaren diru sarrera nagusia Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru funtsatik jasoko dute, guztira, 932.329 euro. Horrez gain, Udaletxeko hainbat gastu murriztu dituzte. Besteak beste, “aseguru eta argiaren erabileran gutxiago” gastatuko dute, eta erabaki horregatik ia 10.000 euro aurreztea lortu du Udalak.
Diru irteerarik nagusiena, Erreboteko prozesuarekin lotuta dago eta herrigunea biziberritzeko erabiliko dute. Eñaut Telleria Segurako alkatearen esanetan, “2017an proiektua zehaztea izango da helburu nagusia, herritarron artean zer egin nahi dugun erabakitzea”.
Zirkulazio plan berriarekin, autobusek bakarrik izango dute plazatik igarotzeko aukera: “Gure asmoa da, inguruko bideak, Bolalekua eta Kale Nagusia konpontzea, eta egoi-tzatik Bolalekura arteko Kale Nagusiko zatia bi norabidetara jartzea. Horrela, autoak ezingo dira plazatik pasa. Zonalde peatonala bihur-tzea dugu buruan”, agertu du.
Ingurumenari ere tartea eskainiko diote Seguran. “Hausnarketa bat egingo dugu guztiok, eta ikusi beharko dugu aldaketaren bat egin nahi dugun edo ez”, nabarmendu du. Horregatik, hilabete honen bukaera alderako Hondakin Mahai teknikoa eta zabala martxan jar-tzea aurreikusten dute. Era berean, Segurako Plan Orokorra idazteko parte hartze prozesurako Foru Aldundiarekin hitzarmena sinatuko dute. Horretarako 18.000 euro eskuratuko dituzte: “Nolako herria nahi dugun eta zein norabidetan jarri nahi dugun erabakitzeko aukera izango dugu”.
Horrez gain, udal aurrekontuetan daude Baratze pilotalekuko atea konpontzea, herri sarrerako makaldia asfaltatzea, Elortxako bidea konpontzea eta herriko loreontziak txukuntzea. Herri eskolako komuna berritzeko, bestalde, 11.900 euro bideratuko dituzte.