Síguenos en redes sociales:

Berrikuntzekin dator Zarauzko Hirugarren Adinekoen Mahaia

Aurrerantzean hilero hitzaldiak izango dira eta urrian Jubilatuen Astea antolatuko dute

Berrikuntzekin dator Zarauzko Hirugarren Adinekoen Mahaia

Zarautz - Zarauzko Hirugarren Adinekoen Mahaiak duela urtebete hasi zuen ibilbidea, udal ordezkari, hirugarren adinari begira lan egiten duten elkarte (Iñurritza eta Udaberri jubilatuen elkarteak, Nagusilan, Duintasuna eta Afagi) eta zenbait norbanakoekin, eta mahaiak oraindik bide motza duen arren, berrikuntzez josia dakarte 2017 urtea.

Hasteko, hilero hitzaldiak antolatuko ditu Hirugarren Adinekoen Mahaiak, eta lehena datorren asteazkenean, otsailaren 1ean, izango da. Felix Zubia mediku zarauztarra izango da hizlaria, eta artrosia, artritisa eta hezurretako minak izango ditu hizpide, Modelo aretoan (19.00etan). Martxoan, berriz, sexuaz eta hirugarrengo adinaz jardungo da Aitziber Estonba, Sexu Aholkularitza Zerbitzuko sexologoak. Datozen hilabeteotarako hi-tzaldietako gaiak eta datak aurrerago jakinaraziko dituztela adierazi zuen prentsaurrekoan Miren Letamendiak, Hirugarren Adinekoen zinegotziak.

jubilatuen astea Bestalde, aurten Jubilatuen Astea antolatuko dute Zarauzko Udalaren laguntzarekin. Orain arte jubilatuen etxeek urrian antolatu izan dute astea, baina udalaren laguntzarekin askoz “politagoa eta hobeagoa” izango dela adierazi zuen Udaberriko ordezkariak. Hala, ohiko ekitaldiez gain, ekintza gehiago antolatu ahal izango dituzte. “Lan handia egin da, giro oso ederra dago taldean, eta Matiatik etor-tzen diren profesionalek eredu bezala jartzen dute beste herritan gure Zarauzko mahaia eta hori niretzako oso ederra da. Lan handia egiten ari gara elkarrekin eta hala jarraitzeko ilusio eta gogoa dut. Halaber, zarauztar guztiei hitzaldietara bertaratzeko deia luzatu nahi diet, eta nahi duen orok hilero egiten ditugun bileretara etortzeko aukera azaldu nahi dut”, azaldu zuen Letamendiak. Mahaia hileko bigarren asteazkenetan elkartzen da Ongizate zerbitzuan, 10.00etatik 12.00etara.

Horretaz gain, Euskadi Lagunkoiaren lehen faseko diagnostikoarekin aritu dira lanean. Zentzu horretan, Matia Fundazioak diagnostikoa datorren apirilerako prest izango duela azaldu zuen zinegotziak, eta hortik abiatuta hasiko direla plangintza prestatzen.