Síguenos en redes sociales:

Azpeitiar txikiek egindako egun handia

Azpeitiar txikiek egindako egun handia

Arropa dotoreenak jantzi eta azpeitiarrak kalera atera ziren atzo San Sebastian egun handia ospatzeko. Festarako gogoa sumatzen zen erdigunean eta tenperatura freskoa izan arren (eguerdian zero grado zeuden) giroa azkar berotu zen, batez ere 600 bat haurren partaidetzarekin osatutako danborrada Olazko Amaren plazatik abiatu zen unetik aurrera.

Eguneko protagonista nagusiak herriko neskatxak eta mutikoak ziren eta hamaika taldetan banatuta (ohikoa baino bat gehiago Hazparnetik ailegatutako konpainiari esker) erdiguneko kaleak zeharkatu zituzten irribarrea galdu gabe. Beraiek ziren atzo hotzari aurre egiteko errezeta zutenak eta ondo baino hobeto sukaldatu zuten.

Juan de Antxieta musika eskolako, Itsasi dantza taldeko, herriko hiru ikastetxeetako eta Hazparneko konpainia desberdinen ordezkari txikiek gogo eta maisutasun handiz astindu zituzten danborrak eta barrilak eta horri esker, danborradako ibilbidearen bazterretan pilatutako ehunka herritarrek txalo zaparrada oparitu zieten eguneko ekitaldi nagusieneko parte-hartzaileei; formularik onena haurren lana errekonozitu eta, zergatik ez, esku hotzak berotzeko.

Erdiguneko kaleak zeharkatu ondoren, danbor txikien festak Enparantza Nagusian izan zuen jarraipena. Talde guztiak plazan egokitutako lekuak hartu eta eguneko azken sei piezak jotzen hasi zirenean konpainia desberdinen banderadunak udaletxeko areto nagusira igo ziren, Azpeitian ohitura dutenez, beren ikurrak eraikineko balkoitik astindu eta Eneko Etxeberria alkatearekin argazkia ateratzeko.

Protokoloa eta ekitaldia bera amaitu ondoren, danbor eta barrilen konpainietako lagunak Enparantza Nagusia laga eta beren kuarteletara abiatu ziren berriro ere, desfilean erabilitako arropak aldatu eta ondo merezitako atsedenaldia hartzeko.

Hori bai, Azpeitiko umeek ez dute deskantsatzeko denbora asko izaten sansebastianetan eta aurtengo festetan ez da desberdina izango.

Izan ere, atzo arratsaldean etxeko berotasunean indarrak berreskuratu ondoren gaurkoan ere aterako dira berriro kalera festaz gozatzeko. Udalak beraientzako ekintza ugari antolatu ditu eta, nola ez, lagun artean disfrutatzeko aprobetxatuko dute.

Alde batetik, egun osoan zehar herriko kaleetan ibiliko den txu-txu trenera igotzeko aukera izango dute eta bestetik, haur parke batekin goza-tzeko parada izango dute. Puzgarri eta bestelako jolasekin prestatutako parke hori 16.00etatik 20.00etara egongo da martxan Olazko Amaren plazan. Festak jarrai dezala!