Zarautz - Udaren amaiera iragar-tzen duen Euskal Jai eguna iritsi da Zarautzera, udari agur esateko modu paregabea. Jendez gainezka egon ohi dira kaleak egun horretan, eta biharko eguna ostirala eta jai eguna denez, ohi baino jende gehiago elkartzea espero da.
Urtero legez, goiz goizetik izango da festa giroa. Aurten, gainera, orga lehiaketa izango da nobedade nagusia. Gaur bertan amaituko da izen-emate epea eta parte hartu nahi dutenek turismo bulegoan egin dezakete arratsaldeko 16.00ak baino lehen. Zarauzko Udaleko Turismo, Ekitaldi eta Jaietako Sailak antolatu du sariketa hau lehen aldiz, “festa girotzeko, herritarrek sormena lantzeko eta karrozen ohituraren oinordeko honekin jaia janzteko helburuarekin”. Duela urte gutxi arte karrozen lehiaketa arrakastatsua egiten zen Euskal Jai egunean, eta tradizio horri eutsi nahian jarri du martxan Udalak sariketa berria, “formatu txikiagoko karroen inguruan sortzen den giroa” balioan jar-tzeko asmoz. Guztira, hamabi sari izango dira: irabazleak 300 euro irabaziko ditu, eta beste 11 sarituek, 150 euro.
Lehiaketan parte hartzen duten orga guztiak Lege Zaharren enparantzan egon beharko dira 13.30ean eta orduan egingo da sari banaketa. Epaimahakideak hauek izango dira: Xabier Txurruka, Zarauzko alkatea, Ixidor Larrañaga, Turismo, Ekitaldi eta Jaietako zinegotzia, Isabel Lopez, Ekiitaldi eta Jaietako koordinatzailea, eta Artezaleakeko kide bat.
Garbiketarako neurri bereziak Aipatu bezala, ohi baino jende gehiago elkartzea espero da, eta hori dela eta, Zarauzko Udalak garbiketarako neurri bereziak hartuko ditu. Hala, garbiketarako langile kopuru bikoi-tza izango da lanean eta ohi baino makina gehiago erabiliko ditu garbiketako zerbitzuak. Zentzu honetan, Udalaren, Urola Kostako Udal Elkartearen eta Foru Aldundiaren garbiketarako baliabide guztiak elkarlanean arituko dira, modu koordinatuan lanean, festa ondoren guztia lehenbailehen normaltasunera itzuli dadin.
Aurtengo beste nobedadeetako bat paretetan pixa egitea ekiditeko botako den likidoa izango da. Eraikinen garbitasuna bermatzeko produktu bat botako da hainbat lekutan, eta era horretan, pixak gainazalean errebotatu eta pixa eginean ari denari bustiko dio. Sistema honek emaitza onak eman ditu Iruñeako sanferminetan eta Donostiako Aste Nagusian. Likidoa Munoa azpialdean, Malekoiko arkupeetan, itsas pasealekuan eta Alde Zaharrean jarriko da. “Likido honek garbiketa erraztuko du eta eraikinak garbi mantentzen lagunduko digu”, azaldu du Obretako eta Zerbitzuetako zinegotzi Iban San Martinek. Gainera, komun publikoak izango dituzten bi kamioi egongo dira festa ospatzen den guneetan, Munoatik gertu, Duke Enea parean, Lege Zaharren enparantzan eta Iñurri-tzako erromerian. Kamioi horietan garbitzaileak guztia txukuntzen egongo dira. Halaber, kale garbiketarako brigadako 24 langile arituko dira lanean irailaren 10ean, iazkoaren lan talde bikoitza eta kale-garbigailu makina bat eta zisterna-kamioi bat gehiago izango dira lanean, asteburu normal batean baino bi aldiz gehiago.