azpeitia - Udaleko Gazteria Sailaren, Azpeitiko Kultur Mahaiaren eta Sanagustin Kooperatibaren ordezkariek hiru erakunderen artean antolatutako Txiki biran egitasmoa aurkeztu zuten atzo. Programa horri esker, herriko haur eta gaztetxoei zuzendutako kultur ekintza bat burutuko da hilero herrian, “abuztuan izan ezik”.
Ekimenaren bultzatzaileek atzo egindako agerraldian aurreratu zutenez, “iazko arrakasta ikusita, aurten ere joan den urtean abiatutako ibilbidearekin jarraitzeko apustua egin dugu”.
Egitaraua “oraindik erabat itxita ez badago ere”, Udaleko, Kultur Mahaiko eta Sanagustin Kooperatibako ordezkariek datozen hilabeteotan ikusgai izango diren hainbat ikuskizun aurreratu zituzten.
Horrela bada, programari hasiera emateko Xalto pailazoaren ikuskizuna egongo da gaur, 16.30ean, Sanagustin kulturgunean.
Horren ondoren, martxoan Hezurrekin jolasean ikuskizunarekin gozatzeko parada egongo da Azpeitian; apirilean Futbolariak eta Printzesak obraren txanda izango da eta maiatzean Merkatu pertsiarra emanaldiarena. Ekainerako Urrestillan Jai! ikuskizuna aurrikusita dago, uztailerako Baltsak eraikitzen izenekoa, irailerako Metalari putz!, urrirako Mural tailerra eta azarorako Goazen antzokira!. Amaitzeko, Txikizinema egitasmoa burutuko da abenduan herrian. - J.L.