“Taldean oso giro ona dago, eta gainera, teknika behin ikasi eta gero, sokatiraz gehiago disfrutatzen duzu”
Hamasei urterekin hasi zen Ione Elorza sokatira munduan. Gaurtik igandera arte, oñatiarrak Munduko Goma Gaineko Sokatira Txapelketan parte hartuko du Volendamen (Holanda)
oñati- Orain dela 25 urte hasi zen Ione Elorza Gasteizko Badaiotz taldearekin lehiatzen. Euskal Herrian ez ezik -berriki ospatu den 2016ko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketako irabazleak dira emakumezkoen artean-, mundu mailan hainbat lorpen egin dituzte. Lau urte herri kirol honetatik kanpo egon ostean, oñatiarra gorenera itzuli da. Gaurtik igandera bitartean, Volendamen dago bere onena emateko prest.
Nola hasi zinen sokatiran?
-Hamasei urterekin. Orduan, Gasteizen bizi nintzen eta Oñatiko jaietara etorri ginenean herri kirolen erakustaldi batean parte hartzen ari zirenak ezagunak nituen. Eurek animatu ninduten herri kirolean murgiltzera. Hasieran, sokarekin batera, trontza, ingudea, lasto altxa-tzea eta zaku lasterketa, besteak beste, probatu nituen.
Zer dauka sokatirak zuretzat horren erakargarria izateko?
-Ni engantxatuta nago (barrea). Egia da kirol gogorra dela, sufritzeko gaitasuna eskatzen du. Oso intentsoa. Behatzetan hartzen dugu mina, baita saihetsetan ere, soka bertan kokatzen baitugu. Kanpotik badirudi besoekin lan egiten dugula, baina bizkarra erabiltzen da gehien. Eta noski, eskuak urratu egiten dira; nireak kailuz beteta daude. Ostera, taldean oso giro ona dago. Teknika behin ikasi eta gero, gehiago disfrutatzen duzu.
Zer behar da kirol honetan ondo ibiltzeko?
-Teknika askoko kirola da. Indarra eta erresistentzia izan behar dituzu, baina garrantzitsuagoa da teknika landua izatea. Taldeko lana da eta horren ondorioz, oso konpenetratuta egotea eskatzen du.
Nolakoak dira entrenamenduak?
-Entrenamendu teknikoak egiteko, hiru aldiz elkartzen gara Gasteizen. Taldea 25urtetik 46 urtera bitarteko arabarrak, gipuzkoarrak, bizkaitarrak eta nafarrak osatzen dugu (oñatiarrarekin batera, beste gipuzkoar bat ere badago taldean, Ruth Cayero ataundarra). Beste bi egunetan prestaketa fisikoa gure kabuz egiten dugu; ni, esaterako, spinning-ean ibili edo mendira joaten naiz. Denboraldia bukatzerakoan (Munduko txapelketaren ondoren), lasaigoa ibiliko naiz. Nire kontura jarraituko dut entrenatzen.
Oso kirolari gutxik esan dezakete munduko txapeldunak direla, eta are gutxiagok hainbat urtetan eskuratu dutela garaipena, Badaiotz taldeak bezala! (gaur egun Badaiotz taldea emakumezkoa da; lehen gizonezkoena ere bazegoen).
-Badaiotzek 2002an irabazi zuen lehen aldiz Munduko Sokatira Txapelketa Corken, Irlandan, pisu handian nahiz txikian. 2004an, urte horretan ez nuen parte hartu, taldeak bi urre lortu zituen, eta 2012an urrezko eta zilarrezko dominak jan-tzi genituen.
Sokatira herri kirola da gurean, baina beste hainbat lekutan ere praktikatzen dute.
-Munduan oso zabalduta dago. Hegoafrika, Txina, Taiwan, Japonia, Herbehereak, Suitza, Suedia edota Eskoziako taldeen aurka lehiatu izan gara. Txinatarrak eta taiwandarrak oso onak dira. Txinan unibertsitatean bertan sokatira taldeak dituzte, eta kultura handia dago kirol honen inguruan. Profesionalak dira.
Sokatira, familia, lana... Nola bateratzen dituzu horiek guztiak?
-Gogorra eta zaila da. Sei urtetan zehar sokatira utzi nuen alabak izatean. Eta azken lau urte hauetan tiratu gabe egon naiz bizkarreko lesio batengatik. Aurten berriro bueltatu naiz.
Eskozian Italian, Galesen, Irlandan, Holandan? Munduko txapelketetan esperientzia duzu. Nolakoa izango da aurtengo hitzordua?
-Volendamen (Holanda) ospatuko da aurten munduko txapelketa (bi urtetik behin antolatzen da). Ostegunean eta ostiralean (gaur eta bihar), Badaiotz talde moduan lehiatuko gara, 500 kilotan. Larunbatean eta igandean, berriz, 500 eta 540 kilotan Euskal Selekzioan arituko naiz. Hamahiru taldek parte hartuko dugu eta maila osoa altua da. Txinatarrak, adibidez, handiak eta esperientziadunak dira. Gogoratzen dut orain dela urte batzuk, euren izterrak nirearen bikoitzak zirela.
Zein esperantzarekin zoaz txapelketara?
-Dominaren bat lortzea gustatuko litzaidake.
Euskal Herri mailan, nola ikusten duzu sokatiraren etorkizuna?
-Gaizki, eta pena bat da. Jendea erakartzea ez da erraza. Nesketan Euskal Herrian bakarrik hiru talde daude gaur egun. Lehen aipatu dudan bezala, kirol gogorra da, eta gainera, haurdun geratzen garenean, umeekin tartekatzea zailagoa da, eta hori taldean hainbat ama gaudela. Gizonezkoetan talde gehiago daude. Hain zuzen, jende gutxi dabilenez zortzi tiratzailez osatutako taldeak egin beharrean, lauko taldeekin txapelketa ospatzen da azaro eta abendua bitartean.
Más en Gipuzkoa
-
Txakurren jabeei zuzenduriko argibide-taulak jarri ditu Olaberriko Udalak
-
La ampliación del CBA de Irun abrirá sus puertas el próximo otoño
-
Beasain formalizará la parada ‘Kaixo eta Agur’ en la rotonda de Zaldizurreta para mejorar la seguridad
-
Renfe programa más de 8.000 circulaciones de autobuses desde este viernes al 21 de septiembre en Gipuzkoa por obras