Tolosa - Zer dela eta hasi zen Tolosako Udala aholkularitza sexologikoa eskaintzen?

-Plan zabalago baten baitan koka-tzen da, Tolosan maila ezberdinetan hezkidetza eta sexualitatea lantzeko helburuarekin. Alde batetik, ikastetxeetan sexu eta hezkidetza heziketa eskaintzen dugu LHko 6. mailatik Batxilergora arte, eta tutore eta irakasleekin ere formakuntza lan-tzen dugu baliabideak izan ditzaten. Beste alde batetik, aholkularitza dago. Hezkidetzan denengana iristen saiatzen ari garen bezala, balore eta ideia batzuk ereinez, aholkularitzan banaka egiten dugu, jendearen zalantzak, jakinminak edo arazoak bideratzen.

Zer iruditzen zaizu zerbitzu publikoa eta doakoa izatea?

-Sexologia arlo pribatuarekin erlazionatuta dago eta osasun zentro publikoetan profesional bakoitzaren esku geratzen da. Kontsulta asko arlo pribatura bideratzen dira eta hutsunea dago. Osasun zentroetan tratatuta, sexua patologia moduan hartzen dugula dirudi eta udalek aholkularitza zerbitzua eskaintzearekin “arazo larriaren” etiketa ken-tzen diogu.

Lau urte daramatza zerbitzuak martxan Tolosan. Herritarrek ezagutzen dutela uste duzu?

-Arlo intimoa da sexuarena eta kosta egiten da zailtasun bat izan dezakegula onartzea. Laguntza eskatzea, are gehiago. Horrelako zerbitzuek denbora behar dute ezagutarazteko. Ahoz ahokoa garrantzitsua da eta askotan beste pertsona batek gomendatuta etortzen dira. Bultzadatxo bat behar izaten du jendeak, eta pixkanaka bultzadatxo hori jaso duena gerturatzen ari da.

Zein motatako jendea gerturatzen da?

-Erabiltzaileak ikasleak izan daitezke, baina herritar guztiei irekia dago. Perfila oso zabala da, adinari dagokionez ere bai. Batzutan, bakarka etortzen dira, beste batzuetan bikoteka eta lagun-taldea ere etortzen da. Gurasoak ere gertura-tzen dira, beren seme-alaben inguruan kezkaren bat dutelako edo informazio osagarriaren eskean. Kultura ezberdinetako jendea etor-tzen dela ere azpimarratuko nuke.

Zein motatako zalantzak edo kon-tsultak egiten dizkizute?

-Bikote harremanetan sortzen diren kezkak artatu ditugu; jelosia, banakako eta bikotearen espazioaren mugak, bikote apurketei nola aurre egin... Autoestimuaren inguruko gaiak ere egon daitezke, erotika arloa hobeto ezagutzeko kezkak ere jaso ditugu, exzitazioaren edo kitzikapenaren inguruko zailtasunak, desio falta, estresa, bikote harreman konfiatua ez izatea, desira minoritarioak azaltzeko beldurra... Azken finean, egoera hauen atzean heziketa falta dago eta beharrezkoa da norbere burua burua ondo ezagutzea.

Sexuak oraindik tabua izaten jarraitzen du?

-Mutur batetik bestera pasatu gara. Lehen tabua zen eta ez zen hitz egiten, eta orain informazio gehiegi edukitzera pasatu gara. Bakoitzak bere burua ezagutu behar du, onartu, eta gero koherentziaz adierazi. Hori kontzeptu eta balioekin lortu behar dugu, heziketaren bitartez. Informazio hutsarekin galdu egiten gara. Nola jokatu behar duten esan beharrean, jendeari jakintzak eskaini behar zaizkio bakoitzak nahi duen moduan adierazteko.

Uste faltsu edo mito asko dago oraindik sexu harremanen inguruan?

-Uste faltsu asko dago, adibidez orgasmoari edo g puntuari buruz, baina batez ere exijentzia handia dago. Gauzak “nola egin behar diren” esaten digute. Askotan sexu harremanak olinpiadak dirudite, marka bat ezarri behar dela dirudi, 10ekoa lortu behar dugula. Bikotean gustura egon beharren, besteari bikainak garela erakutsi behar diogula dirudi eta horrek presio handia eragiten du. Errezeta sinpleekin plater goxoak prestatu ordez, sekulako menua prestatzen saiatzen gara.

Interesa duenak, nola jarri daiteke harremanetan zurekin?

-Kultur etxeko Gazte Topagunean gaude hileko azken asteazkenetan, 17.00etatik 20.00etara. Zuzenean agertu daitezke, baina komenigarria da aurrez hitzordua egitea berdinsex@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Erabateko konfiden-tzialtasuna bermatzen dugu eta gertuko tratua.