Goi mailako platerak Intxaurrondon
bi afari, sukaldari handien babesa eta festa egun handia eskainiko ditu aurtengo gastronomia asteak
Intxaurrondoko Gastronomia Astea astelehenean abiatuko da eta goi mailako bi afari eskainiko ditu, sukaldari handien babesarekin beste behin ere. Gainera, hitzordua hilaren 19ko Koxk! elkartasun festarekin amaituko da.
Lehen afaria astelehenean izango da, Yeyette jauregian, 20.30etik aurrera. 120 pertsonentzat sukaldatzen Oscar Manresa, Diego eta Ruben Campos, Pepe Solla, Sacha Hormaetxea, Juan Mari eta Elena Arzak, Andoni Luis Aduriz eta Gorrotxategi Gozotegia arituko dira, baina afari horretarako txartelak agortuta daude jada.
Asteazkenean (hilak 16), berriz, gazte afaria izango da, gazteak baitira afaria prestatuko duten hamar sukaldariak: Ruben Trincado, Dani Lopez, Aizpea Oihaneder eta Xabier Diez, Enrique Fleischmann, Borja Vaquerizo, Iñaki Andradas, Pantxo Bedialauneta, Jesus Astarriaga, Oscar Manresa eta Geltoki Gozodenda. Txartelak salgai daude oraindik 15 euroren truke (Yeyette jauregian).
Gastronomia astea amaitzeko irailaren 19an, larunbatean, Egin koxk elkartasunari! gastronomia festa herrikoia ospatuko da 11.00etatik aurrera eta ekintza ugari izango dira Bernat Etxepare eta Gabriel Celaya plazetan. Zaporeak proiektuaren baitan kokatzen da festa: Etiopiako Wukroko eta Tigray eskualdeko biztanleek bizi duten elikatzeko segurtasun eza kronikoari aurre egitea helburutzat duen egitasmoa da Zaporeak, beti ere, garapen iraunkorreko eta epe luzeko ikuspuntu batetik.
Festa egun horretan, besteak beste, Idiazabal Gazta lehiaketa, Juan Mari Arzak sari nagusia, pintxoaren kilometroa, produktu azoka, haurrentzako ekintzak, sagardo eguna, herri afaria, sukaldarien erakustaldiak eta kale animazioa izango dira egun osoan zehar. Elena Arzak, Enrique Fleischmann, Xabier Zabaleta, Dani Lopez, Josean Eizmendi eta Amaia Ortuzar sukaldariak ere izango dira.
Arzak, hasieratik
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek elikadurak EAEko ekonomian duen garrantzia azpimarratu zuen Gastronomia Astearen atzoko aurkezpenean: BPGren %10,56 adierazten du eta Euskadi bisitatzen duen turismoaren %21 arrazoi gastronomikoak medio etortzen da: “Denen artean lortuko da gastronomiaren bitartez gizartea kalera ateratzea gure kalitatezko produktuak dastatzeko”.
Yeyette jauregian egindako aurkezpenean, gainera, Denis Itxaso, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua; Elena Arzak, jatetxeko sukaldari eta nagusia; eta Oraitz Garcia, Intxaurrondotik Wukrora Elkarteko ordezkariak izan ziren.
1990.ean Intxaurrondoko Gastronomia Astearen lehen edizioa antolatu zenetik Arzak familiaren babesa izan du eta aurten ere hala izango da. Zaporeak proiektua ere babesten dutela nabarmendu zuen Elena Arzakek.