Síguenos en redes sociales:

Sagardo Egunak 40 ekoizle ekarriko ditu bihar Errenteriara

Goizean Gorena markako sagardoak dastatzeko aukera egongo da eta arratsaldean gainontzekoak egongo dira

Sagardo Egunak 40 ekoizle ekarriko ditu bihar ErrenteriaraArgazkia: N.G.

Errenteria - Bihar 27. Sagardo Eguna ospatuko da Errenterian. Aurten 40 sagardotegik parte hartuko dute eta azkeneko urteetako egitaraua jarraituko da.

Honela, sagardo kata egingo da beste behin ere. Gipuzkoako Sagardo Egileen Elkarteak antolatzen duen ekimena da, aurten Oarso sagardotegian burutuko dena. Kata hauek Juan Zuriarrain enologoak bideratuko ditu eta berak azalduko ditu maisuki sagardoaren sekretuak.

Gainera, biharko goiz partean Gorena markaren ezizenarekin ezagutzen den sagardoa dastatzeko aukera izango da. Gorena marka osatzen duten hamahiru sagardotegik hartuko dute parte, eta arratsaldean berriz, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean dauden ekoizleek hartuko dute plaza eta hauekin batera Eusko Label markaren izenean aurkezten den sagardoa. Badaude bere burua soilik ordezkatzen duten sagardotegiak eta horiek ere plazan aurkituko dira.

“Merkatuan aurkitzen den onena eskaintzen dugula aitortzeko moduan gaude datu hauen harira eta horrek pozten gaitu”, ziurtatu zuen Sagardo Eguneko antolatzaile taldeak.

Herriko kaleak animatzera eta alaitzera datozen talde asko egongo dira: Errenteriako eta Ataungo talogileak plazan izango dira urtero bezala, Aparola baserriko Gemak eta Frantzilla Zaharra baserriko Maritxuk euren produktuak jarriko dituzte ikusgai, Errenteriako dultzaineroak eta iparraldeko gaiteroekin batera eskualdeko txistulariak eta Ereintzako dantzariak arituko dira eta Lezoko musika eskolako partaideak, Andone Elizondo bere trikiti taldearekin, Oiartzungo Ana Tolosa irrintzilaria eta Ekiñe eta Maddi pandero jole eta trikitilaria ez dira faltako.

Sagardo Egunaren aurkezpenean Hernaniko Itsasburu sagardotegia eta Uriña harategiko Urko omendu zituzten eta Antton Mendizabalen eskultura bana eman zitzaien. - A.M.