Síguenos en redes sociales:

Itsasoak, mendiak eta kulturak bat eginik

aiako turismo mahaiak aste santurako egitarau berezia antolatu du, lehenengo aldiz, bisitariek goza dezaten

Itsasoak, mendiak eta kulturak bat eginik

aiak, natura, kultura eta gastronomia batzen dituen programazio berezia antolatu du Aste Santurako estreinakoz eta gaurtik aurrera izango da eskaintza berriarekin gozatzeko aukera. Menu bereziak jatetxeetan, Iturraran Parketxeko programa berezia eta Aiako Aste Santua bertatik ezagutzeko aukera paregabea izango da.

Aia, bizi iturri lelopean biltzen dira Aiako ekintza kultural, natural eta turistikoak, eta aurten, lehenengo aldiz, jai egun hauetan herrira hurbiltzen direnei egitarau koordinatu eta integral bat eskaintzeko lan egin da Aiako Turismo Mahaitik. “Aste Santuko egunak oso aproposak izaten dira etxetik gertu ditugun lekuak ezagutzeko eta bisitariek ikusi eta sentitu ahal izango dute nola itsasoak, mendiak eta kulturak bat egiten duten Aian.

Gaurtik Astelehen Santura, Iturraran Parketxean programazio berezi bat egongo da bertako baliabide natural eta kulturalak ezagutzeko eta herriko hainbat jatetxeetan Aiako eta euskal produktuez osatutako menu bereziak egongo dira. Bihar (18.00) berriz, Ostiral Santuan, Aiako Aste Santuko jarduera erlijiosoak eta herriko San Esteban parrokia (1350) gida baten eskuz, bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da.

Iturraran Parketxea Pagoetako informazio puntua da. XVIII. mendeko jatorrizko egitura mantentzen duen baserri zoragarria da eta informazio gunea izateaz gain Pagoeta eta Aiako ingurune fisikoa eta etnografikoa azaltzen dituen museo txiki bat ere badu. Aste Santuko bost egunetan irekita egongo da. Halaber, Agorregiko burdinola eta errotak zabalik izango dira 11.00etatik 13.00etara. Bisita gidatuaren ordua 11.30ean izango da eta funtzionamenduan ikusteko aukera egongo da. XVIII. mendean berreraikitako instalazio hidraulikoari jarraituz zaharberritu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara sailak eta gaur egun martxan ikusi daiteke.

Bertako produktuak

Iturraran Parketxetik gertu eta helburu didaktikoekin, Iturrarango erlategi didaktikoa dago. Aste Santuko bost egunetan ere, eguraldia lagun bada, erlauntzen egitura eta antolaketa ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira, erleen bizimodua zuzen zuzenean jarraitzeko prestatua baitago. Erlauntza baten irekierarekin, bisitariek aberaskak gertutik ikusteko aukera izango dute: arrautzak, larbak, erle langileak? Ordutegia ondokoa izango da: 13.00etatik 14.00etara. Helduen sarrerak hiru euroko salneurria izango du eta hiru eta hamabi urte arteko haurrenak, bi euro. Informazio gehiagorako 943 835389 telefono zenbakira deitu daiteke.

Bestalde, Aiako euskal gastronomia dastatzeko aukera eskainiko dute. Euskal gastronomia mundu mailan ezagutzen da eta oso izen ona du. Aiak, bertako produktuez gozatzeko hainbat jatetxe, erretegi eta ostatu ditu. Aste Santuan herriko hainbat jatetxek proposamen berezi bat aurkeztuko diete bere bezeroei: Aiako eta euskal produktuez osatutako menua. Bertako ekoizleengandik lortutako kalitate altuko produktu freskoak eskainiko zaizkie ondorengo jatetxeetako mahai-kideei: Aristerrazu jatetxea (943 834 521); Ashé jatetxea (943 835 311); Gazteategi jatetxea (943 131 606); Izarra jatetxea (943 131 867); Jauregi jatetxea (943 868 241); Leku-eder erretegia (943 132 373) eta Portu erretegia (943 894 434). Aurrez erreserba egitea komeni dela jakinarazi dute antolatzaileek.