Donostia konkistatzeko prest
43 IKASTETXETAKO ORDEZKARIEK | Victoria Eugenia antzokia bete zuten Haur Danborradaren aurkezpen festanElvi sabeliztuna, Realeko neskak eta Julian Iantzi izan ziren gaztetxoen gonbidatuak
donostia - Danborrak isilik. Oholtza gainean, Gero Axular taldekoak dantzan, Easo abesbatzako gaztetxoen ahotsak eta Antzinako Ereserkiaren notak. Horrela abiatu zen atzo eguerdian Haur Danborrada aurkezteko festa handia Victoria Eugenia antzokian.
Danborrak denbora gutxi egon ziren isilik, hala ere. San Sebastian Egunean kaleak beteko dituzten 43 ikastetxe eta 50 konpainietako ordezkariak, soldadu jantziak soinean, urduri zeuden eta sorpresak berehala hasi ziren. Hasteko, Elvi sabeliztun edo bentrilokuoaren emanaldia hasi zen eta algarak ia berehalakoak izan ziren erantzun azkarreko mutiko baten itxura zuen panpinari esker. Ondoren, Garikoitz Muñoz aurkezleak Realeko neskak gonbidatu zituen taula gainera. Gaztetxoei baloi batzuk eraman zizkieten eta publiko artera bota zituztenean hamaika beso altxa ziren eserlekuetatik baloia zeinek hartuko. Selfie bat ere atera zuten neskek, atzean danborjole gazteek makilak goian eusten zituzten bitartean.
“Zuek zer zarete, ñoñostiarrak? Yogurinak? Hori diote Bilbon, kastarik ez duzuela Donostian”, zirikatu zituen ondoren Julian Iantzi aurkezleak oholtza gainetik. Eran-tzuna sendoa eta aho batez etorri zitzaion: Eeezzz! Eta lesakarrak hori frogatzeko eskatu zienean, erronka bat jarriko ziela esan zienean, boluntarioak ez ziren falta: 20 lagun inguru igo ziren taula gainera korrika eta bata besteari bultzaka. Sei bakarrik aukeratu zituzten azkenean, hiru bikote, zirkuito bat egiteko globo batekin eta danborra bizkarrean zutela: “Irabazten duenak ohorea irabaziko du eta... campamento rico!” El Conquistador del Fin del Mundo saioko jarraitzaileak direla ere frogatu zuten gaztetxoek eta Iantzik Haur Danborradan sasoia eta indarra behintzat egongo direla onartu behar izan zuen.
sasoia eta kemena, soberan Elvi sabeliztunaren beste saio bat izan zuten ondoren eta azkenean konpainia guztietako ordezkariak taula gainera igo ziren, aurten lehenengo aldiz joko duten Hau dek hau melodiaren doinuekin. La Anunciata eta Arantzazuko Ama ikastetxeetako ohorezko karguak ere igo ziren oholtzara eta Victoria Eugenian bildutakoek Zorionak zuri kantatu zioten Olatz Cortés Easo Ederrari, atzo hain justu urteak bete baitzituen. Easo abesbatzako Eskolaniako kideak lagun, gaztetxoek aurten estreinatuko duten Gau Ibilerako doinuak ere entseatu zituzten.
“Sasoia, kemena eta indarra badaukazuela ikusi dugu. Oso oso inportanteak zarete zuek hiriaren-tzat, Donostiako ordezkariak izango zarete zuek denak asteartean”, esan zien ondoren Juan Karlos Izagirre alkateak, ohorezko karguei urtero bezala domina banatu baino lehen. Oihane Bolado Danbor Nagusiari aginte makila ere eman zion. “Egun hori bihotzean geratuko zaizue, beraz, disfrutatu, seguru ondo egingo duzuela-eta!”, gaineratu zuen, Gora Donostia ozen batekin agurtu baino lehen.
Nola ez, San Sebastian Martxaren doinuekin amaitu zen atzoko aurkezpen festa. Taula gainetik konpainia guztietako aginte makilek zuzendu zuten melodia Danbor Nagusiaren atzetik, ondo koordinatuta, Easokoek eta publikoak ahotsa jarri zuten bitartean. Hasieran ez bezala, danborrak astintzen utzi zuten antzokia gaztetxoek, astearterako prest.