Síguenos en redes sociales:

Errenteriak Joxepa Antoni gogoan du

Ostiralean eta larunbatean bere omenean ekitaldiak egingo diraHerriko emakumezko bertsolari bakarra izan zen Aranberri

Errenteriak Joxepa Antoni gogoan du

Errenteria - Joxepa Antoni Aranberri Xenpelar (1865-1943), Xenpelar ezizenez ere ezagutzen den bertsolari ospetsuaren iloba, Errenteriako historian ezagutzen den emakume bertsolari bakarra eta Euskal Herrian ezagutzen den gutxienetarikoa da. Horregatik, herriko Berdintasun arloak, Xenpelar bertso eskola eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen laguntzarekin, bere lana goraipatzeko eta jakinarazteko ostiralean eta larunbatean ekitaldi bana antolatu ditu.

Honela, ostiralean Andoni Egaña bertsolariaren hitzaldia izango da Xenpelar Etxean 19.00etatik aurrera eta Errenteriako bertsogintzaren gainean arituko da.

Hurrengo egunean Joxepa Antoni Aranberri bertsolariaren bizitza eta lana oinarri hartuta, Jokin Labayenek gidatuko duen ikuskizunean, Nerea Elustondo eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa bertsolariek hartuko dute parte. Igor Arruabarrena eta Eneko Sierra musikariek osatuko dute Bidaia bat Joxepa Antoniren bizitzan izeneko emanaldia. “Bertsoak egongo dira, noski, baina ez da ohiko bertso saio bat izango”, aurreratu zuen atzo egindako agerraldian Edurne Soraluzek, Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen koordinatzaileak. Hala eta guztiz ere, ez zituen zehaztapen gehiago eman “sorpresa” izateko.

Garazi López de Etxezarretak, Berdintasunerako saileko zinegotziak, Errenteriako Udalak Joxepa Antoni Aranberri Berdintasun Kontseiluak antolatzen dituen Mariasun Landa sarien bitartez ezagutu zuela gogorazi zuen. Lehiaketa honek emakumeek egindako ekarpena berreskuratzeko ahaleginak egiten ditu eta 2010ean Emakumeei begiradarik onena modalitateko saria Iñigo Legorburuk irabazi zuen Joxepa Antoni Aranberri, ‘Xenpelarren’ itzalpean argi-izpi bat idazlanari esker.

“Lan honek Joxepa Antoni Aranberriren bizitzan gehiago sakon-tzeko grina piztu zuen Berdintasunerako Kontseiluan. Horretarako, Udaletik Elixabete Pérez Gaztelurengana (1961, Errenteria) jo genuen, Deustuko Unibertsitateko Hizkun-tzalaritzako irakaslea izateaz gain, herrikoa eta herriarekin konpromiso handia duen emakumea ere badelako”, adierazi zuen zinegotziak.

“Elixabeteri hitzaldi bat egitea eskatu zitzaion, baina aurkezpen txiki batekin hasi zen ibilbidea ikerketa sakon batean amaitu zen eta Joxepa Antoni Aranberriren bizitzaren aztarna guztiak bildu zituen Pérez Gazteluk lan txukun batean”, gaineratu zuen López de Etxezarretak.

Lan hori oinarri hartuta, eta Joxepa Antoni Aranberriren lana plazara-tzeko asmoz, ikasleentzako sekuen-tzia didaktikoa sortu zuen pasa den ikasturtean Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Errenteriako eskoletan 600 ikasle inguruk landu dute Joxepa Antoni Aranberriren bizitza, bertsolaritzari egindako ekarpena eta garai hartako emakumeen bizitzaren nondik norakoak.

“Ikusi genuenean Errenteriako Udalak lan hori zeukala, ikerketa hori aprobetxatzea eta zabaltzea interesgarria zela pentsatu genuen”, adierazi zuen erakunde horretako koordinatzaileak. “Joxepa Antoniri buruz zegoen informazio eskasa ikusita, ez dakigu nola moldatu zen Elixabete horrelako liburua idazteko”, adierazi zuen.

Emakume bertsolariei buruz oso dokumentu gutxi daudela berretsi zuen Xenpelar bertso eskolako Julian Albisturrek. “Bertsolariak oso gaizki ikusiak zeuden lehen, alper eta tabernazale fama zuten, bertsotan tabernetan ibiltzen baitziren. Emakumeak garai hartan ez ziren tabernetan ibiltzen eta kantatzea debekatuta zuten”, esan zuen.

Hala eta guztiz ere, Albisturrek txikitatik ezagutu izan zuen Aranberriren lana. “Ni bertsozale familia batean jaio nintzen Hernaniko Ereñotzu auzoan, baina gure inguruan Joxepa Anttoni deitzen genion, bi T-rekin”, nabarmendu zuen. “Agian Joxepa Anttoni ez da izan bere osaba bezain bertsolari ona, baina Euskal Herrian oso emakume gutxi zeudenez, azpimarratzekoa da bere papera”, aitortu zuen.

Bertsozalea. Juan Frantzisko Petrirena (1835-1869) Xenpelar bertsolari errenteriarra ezagunaren iloba izan zen Joxepa Antoni Aranberri (1865-1943). Bere amaren antzera bertsozalea eta irakurle amorratua zen eta buru argia zuen. Baina Joxepa Antonik lau urte zituela bere ama eta bere osaba Xenpelar baztangaz hil ziren eta aitarekin, Jabier Aranberri, eta amonarekin, Rita Berrondorekin Xenpelarren ama), bizi izan zen. Aita ez zen bertsozalea eta, garaiko errolden arabera, ez zekien irakurtzen, ezta idazten ere. Alabaren irakurzaletasuna ere ez zuen bultzatzen. Bertsozaletasuna eta irakurzaletasuna amona Ritarengandik jasoko ote zituen pentsatzen da.

Ehulea. Ehulea izan zen Errenteriako Fanderia fabrika handian, bere ama eta bi osaba bezala. Hamabi urterekin hasi zen lanean eta itsutu zen arte jarraitu zuen zeregin horretan.

Bertso sorta. Ezagutzen zaion lehenengo bertso sorta 1902koa da, Ibaizabal aldizkarian argitaratutakoa. Banaka jarritako bertsoak ugari omen zituen eta Antonio Zavalak jasotako batzuk mantendu dira.

Informazio gehiago. Elixabete Perez Gazteluk emakume honen biografia eta lana jasotzen duen liburu bat idatzi zuen. Ikerketa hau pendrivetan jaso zen eta Udaleko webgunean eskuragarri dago.