Síguenos en redes sociales:

Tren Museoa Azpeitian bermatzeko hitzarmena beharrezkotzat jo dute

Udal Gobernuak hori lortzeko Jaurlaritzarekin egin behar diren gestioetan laguntzeko eskaera egin dio oposizioari

Azpeitia - Azpeitiko Udaleko Industria, Merkataritza eta Turismo saileko batzordeburua den Iñaki Portillak gogor kritikatu zuen atzo Udal oposizioaren jarrera. Bere hitzetan, “Udal Gobernuaren lana eta egitasmoez jabetzea nahi izan dute lotsagabeki, gainera Udala eta Garapen Agentzia lantzen ari diren bideak oztopatuz, parte hartu ez duten egitasmoak bereak bezala salduz... eta guztia, hauteskundeetan botoak irabazteko”.

Udal ordezkariaren ustetan, “oposizioak baditu herriaren alde lan egiteko nahiko arlo eta eremu eta horietako adibide argi bat Trenaren Museoan dago”.

Ekonomia suspertzeko faktore bezala, Azpeitiak turismoarekiko apustua egiten du eta zentzu horretan, Trenaren Museoak izaera estrategikoa duela uste du Udal Gobernuak.

Portillaren esanetan, “Museoko zerbitzuen osotasuna, garapena eta etorkizuna bermatuko lituzkeen hitzarmenak egongo zirela esan ziguten Eusko Jaurlaritzatik, horrela Azpeitiak Museoan parte-hartzea eskaini eta baimenduko zuten akordio ere izango zela”. Horregatik, “Museoaren etorkizuna Azpeitian bermatzeko beharrezko neurriak eta, era berean, kudeaketa gardena eta Administrazio Publikoen kontrolpean partekatua izatea ahalbideratzeko hitzarmena behar da”. - J.L.