"Gure sentimenduak eta gure arrazoia etengabe komunikazioan jarri beharko genituzke"
Pello Biain zumarragarrak adimen emozional ikastaroak ematen ditu UGLE eskolan. Datorren ikasturtean bikaintasun pertsonal ikastaroa ere emango du
zumarraga - Zer da adimen emozionala?
-Niri gehien gustatzen zaidan adimenaren definizioa hauxe da: arazoak konpontzeko gaitasuna. Baina arazo mota asko dago. Ez da gauza bera ekuazio bat edo nire bakardadea, baina biak arazoak dira, soluzio bat eskatzen didaten egoerak, alegia. Ekuazioa konpontzeko adimen mota bat behar dut: logiko-matematikoa. Baina nire bakardadea konpontzeko beste adimen mota bat behar dut: adibidez, adimen emozionala.
Nolatan piztu zitzaizun gai honekiko jakin-mina?
-Duela hamar bat urte Aldundiak ahalegin handia egin zuen adimen emozionala ikastetxeetan zabaltzeko eta ikastaro bat jaso nuen UGLEn (Urola Garaiko Lanbide Eskola). Momentu egokian etorri zitzaidan, garai hartan krisi profesionala pasatzen ari nin-tzelako. Gainera, bi urteko umea neukan eta nahiko galduta nenbilen: egoera askotan ez nintzen gustura gelditzen nire jokaerarekin.
Gure emozioak ulertzeko eta kudeatzeko arazoak ditugula uste al duzu?
-Emozio guztiak baliagarriak dira nitaz informazioa ematen didatelako, baina emozioak ez zaizkigu hi-tzez mintzatzen, horregatik ikasi behar dugu emozioen mezua uler-tzen eta interpretatzen. Ez digute irakasten emozioen hizkuntza, ez eskolan eta ezta etxean ere. Ez digute laguntzen beldurra, tristura, haserrea? ulertzen. Hau da, zer dagoen sentimendu horien atzean. Horrela, zortearen baitan geratzen den kontua da: jaiotzen bazara adimen emozional on batekin, hobeto moldatuko zara. Bestela, ahal duzun moduan moldatuko zara. Normalean, etxean ikusitako portaerak kopiatuz. Baina portaera egokiak edo ezegokiak kopiatu ditzakegu.
Sentitzen dugunaren inguruan hausnartzeak beldurra ematen al digu?
-Gure sentimenduak eta gure arrazoia etengabe komunikazioan jarri beharko genituzke eta sentitzen dugunaz pentsatu eta kontzientzia hartu. Baina hainbat sentimendu kon-tzientziara ekartzea mingarria izan daiteke. Hori gertatzen denean, azaleko mundu emozionalean bizi gara, jakin gabe gure arazoen zergatiak ezkutatzen ari garela, eta ez gara ausartzen benetako zergati horiei aurre egiten, beldurra ematen digulako edo ez dugulako baliabiderik.
Ze onura dakartza adimen emozional ikastaro batera joateak?
-Bakoitzak atera behar dio onura, bere beharra zein den kontuan hartuta. Gehienetan ikastaroak balio du egunerokotasunaren gurpiletik irteteko, gure egoeraz eta sentitzen dugunaz kontzientzia hartzeko, horretaz gogoeta egiteko eta, nahi izanez gero, aldaketa batzuk planteatzeko.
Zortzi urte daramatzazu adimen emozional ikastaroa ematen. Nolakoa izan da esperientzia?
-Esperientziak balio izan dit ni neu pertsona bezala hazteko, neure ikaskuntza prozesua baitaramat. Ikastaroetan jende ezberdina ezagutu dut, bertakoa nahiz atzerritarra. Gauza bat ikusi eta ikasi dut: azaleko ezberdintasunak izan arren (hizkun-tza, jatorria edo erlijioa) funtsean berdinak gara. Denok ditugu beldur, amets, behar eta nahi berberak.
Zer lotura eta zer alde dago adimen emozionalaren eta bikaintasun pertsonalaren artean?
-Adimen emozionalak emozioetan jartzen du arreta: emozioen kon-tzientzia hartzea, emozioak lantzea, besteekiko harremanak hobetzeko erabiltzea? Bikaintasuna harago doa. Lehendabizi, balioak ezinbestekoak dira: balioen gidaritzapean bizitzea da kontua. Joxean Artzek zera dio: Ez du dagigunak garena santutzen, baizik garenak du dagiguna santu-tzen. Lehendabizi bikainak garela eta izan gaitezkeela aurkitu behar dugu gure barruan eta gero bikain jokatu.
Zein da bikaintasun pertsonal ikastaroaren ekarpena?
-Bikaintasunak ez du zerikusirik perfekzionismoarekin. Perfekzionismoa joera neurotikoa da eta bikaintasuna, berriz, joera etikoa. Bikaintasuna da hiltzear egotea eta bizitza ni neu izateko erabili dudala sentitzea. Pertsona hobea izaten saiatu naizela, etengabeko prozesuan eta modu kontzientean. Eta nire bikaintasuna inguruko lagunei kutsatu diedala, haiek eta haien arteko harremanak ere hobetuz. Bestetik, ez du zerikusirik arrakastarekin. Bikaintasuna prozesuan dago, ez mugan. Logikaz, bikain jokatzen badugu, arrakasta lortuko dugu, baina ez da zertan beti horrela gertatu behar. Nik azterketa gainditu ez duen ikasle bat zoriondu dezaket. Eta alderantziz, emaitza bikaina izan daiteke eta prozesua ez. Argentinak Maradonak eskuz sartutako gol bati esker irabazi zuen Munduko Kopa.