Liburuetatik harago
Zarauztik inportatuta, kontzeptu berria dakarren liburudenda edo kulturgunea zabalduko du Garoak
donostia - Paperezko kontzertuak, co-working gunea, laborategia, hub moduko bat... Liburudenda tradizionaletan ohikoak ez diren terminoak erabiltzen dituzte Garoako arduradunek: kulturgune deitzen diote Zarautzen abiatu eta uda baino lehen Donostian zabalduko duten proiektuari.
Garaiak aldatu dira eta Groseko Zabaleta kalean zabalduko dutena liburudenda berria da, kontzeptu desberdin batetik abiatuta eta XXI. mendera egokitua. Liburuak salduko dituzte, baina irakurtzeko txoko bat izango dute, irakurle kluben bilerak ere bai, musika zuzenean, erakusketak, teknologia berrien eta kulturaren inguruan elkarlanean aritzeko txokoa...
Imanol eta Eneko Agirre anaiek haien gain hartu zuten duela hiru urte amak 1973an zabaldu zuen Garoa dendaren kudeaketa, eta iraultzea erabaki zuten. Imanolek ideia bat bazuen buruan eta Italian eta Londresen egindako egonaldietan ikusitakoarekin osatu zuen Zarautzen praktikara eraman duten eredua. Hiru urte hauetan lortutako erantzuna oso positiboa dela uste dute eta Donostiara inportatzeko erabakia hartu dute. "Gusta-tzen zaigu egiten ari garena, oso ondo pasatzen ari gara eta Donostiara etor-tzea beste erronka bat da, lantalde gaztea gara eta ez digu beldurrik ematen", azaldu du Imanolek. Dena den, Zarauzko dendak ere lanean jarraituko du: "Derrigorrez, amaren denda da eta proiektuaren jatorria".
Agirre anaiez gain, Patricia Gete, Lander Arretxea eta Oier Aranzabalek osatzen dute Garoaren ardura daraman taldea. Groseko dendak Zarauzkoaren egitura jarraituko duela argitu du Aranzabalek. 150 metro karratuko lokalak bi solairu ditu: goikoan liburudenda egongo da eta ekitaldi kulturalak antolatuko dituzte. "Konstantzia batekin antolatuko ditugu, astero bizpairu ekimen eta igandero ere zerbait", argitu du zarauztarrak. Paperezko kontzertu izenarekin bataiatutako zuzeneko musika emanaldiak egongo dira, irakurle klubak (paperezko lagunak) eta zinemarekin eta antzerkiarekin erlazionatuta mamitzen ari diren paperezko ekimen gehiago. Gros auzoko eta hiri osoko eskaintza kulturala zabaldu nahi dute.
Esperientzia kolektiboa
Sotoan, berriz, galeria bat prestatuko dute, erakusketak hartzeko. Gainera, co-working gune bat antolatuko dute: bertan arituko dira lanean Garoako teknologia berrien arduradunak (sarean hainbat proiektu landu dituzte eta horietako bat saritua izan da berriki Madrilen), baina mahaiak izango dituzte kultura eta komunikazioaren inguruan lan egiten duten ekintzaile eta enpresa txikientzat, ideiak partekatu eta elkarlanean ari-tzeko. Ingelesez hub terminoarekin definitzen den partekatzeko gune edo elkargune moduko bat sortu nahi dute, ideia berriak lantzeko eta gara-tzeko laborategi modukoa, Aranzabalen arabera. Orain arte teknologia berriei eskainitako txoko hori Zarau-tzen Garoakoek bakarrik erabiltzen zuten, baina Donostian besteei zabaltzea erabaki dute.
Liburuen irakurketa eta horien inguruko esperientzia etxetik atera nahi dute, irakurketa indibiduala "esperientzia kolektibo" bihurtu, nolabait. Ideia berria izan arren, erroak garai bateko liburudendetan dituela onartu du Imanol Agirrek, topagune izan baitziren duela urte batzuk: "Gure aitak beti aipatzen du bere koadrila liburudendan sortu zela, bertan zuten haien txokoa kulturzaleek, surfistek haiena duten moduan".
Donostiako kulturzaleen topagune bihurtu nahi duten lokala Zabaleta kaleko 34. zenbakian egongo da. Momentuz lanean jarraitzen dute, baina hilabete barru edo zabaldu nahi dituzte ateak. "San Juan bezperan irekitzea gustatuko litzaiguke", aurreratu du Imanolek.