Añorgatarrek webgune berria sortu dute auzoko albisteak jasotzeko
bizilagunen eta elkarteen topagune bihurtu nahi du 25 geltokiak Auzoko berriak, 'blog'ak eta agenda biltzen ditu atari elektronikoak
donostia. Añorgatarrek webgune berri bat sortu dute auzoko berriak jasotzeko eta bizilagunen artean zabaltzeko. 25geltokia.info ataria aste honetan hasi da lanean, euskaraz, eta erreferentzia izan nahi du añorgatarrentzat.
Azaroan hasi zituzten proiektu hau sortzeko lanak auzoko elkarteek eta eragileek, lau helburu garbi lortzeko asmoarekin: Añorgako albisteak denon eskura jartzea, auzoko eragileen artean elkarlana sustatzea, blog komunitate iraunkor bat sortzea eta, baita ere, euskara bultzatzea. Hala, atal berezi bat eskaintzen die atariak blogei.
Ikusentzunezkoen garaian, nola ez, albisteekin batera auzoko ekitaldien argazkiak eta bideoak ere jaso nahi dituzte webgune berrian. Hala, Santo Tomas eguneko jaialdia eta Olentzeroren etorrera dira lehen egun hauetako protagonista grafikoak 25 Geltokian, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista izan zen Beñat Gaztelumendi añorgatarrarekin batera, besteak beste.
Agenda bat ere sortu dute atarian, auzoan izango diren ekitaldien berri izan dezaten bisitariek. Guztia nabigatzeko erraza den diseinuarekin jantzi dute, añorgatarrek arazorik izan ez dezaten haien gertuko berriak jasotzeko garaian.