'Basarri'-ren Zarauzko harribitxiak
joxemari iriondo kazetariak 'basarri. zarauzko berriak 1931-1936' liburua aurkeztu du
"iRAKURLE zintzo hori jakiñean utzi nai zaitugu, iñoiz edo bein erredi edo mueble on ta merke batzugaz beartuko baziña, zuzendu zaitezela Zarauzko euzko langilliengana, ta ase gabez etzera geldituko". Hala idazten zien El Día egunkarian, 1932ko abenduaren 17an, duela 81 urte, Iñaki Eizmendi Basarrik irakurleei, Zarauzko langileengana jotzeko eskatuz. Errezilen jaio zen, baina zazpi urte zituela etorri zen Zarautzera bizitzera eta oso gazte zela hasi zen herriko kronikak idazten. Aurten 100 urte beteko lituzke eta omenaldi beroa egin dio urtean zehar, hamaika ekitaldirekin, hazten ikusi zuen herriak. Egitaraua borobiltzeko, gainera, Joxemari Iriondo kazetariak Auspoa bildumako Basarri. Zarauzko berriak 1931-1936 liburua aurkeztu zuen astearte iluntzean, Sanz Enean, bertsolariari buruzko erakusketan bertan.
Basarri 65 urtez izan zen kazetari eta Iriondok adierazi zuen moduan, pena da irratietako grabaziorik ia ez egotea gordeta. Zorionez, egunkarietan argitara eramandakoak hor daude eta horiek jaso ditu urrestildarrak "poza" handiz. Guztira, 1931-1943 urteetan idatzitako 400 artikulu bildu ditu eta horietatik 84 Zarauzko kronikak dira. Artikuluak Zarauztik, Loiolatik, Kalamuatik, Lekeitiotik eta Bidaniatik idatzita daude eta beraz, garai hartako Euskal Herriaren historia oso bat jasotzen dute.
Asteartean aurkeztu zuen liburuan Zarauzko 84 herri kronikak jaso ditu eta zarauztar askok bitxikeria ugari aurkituko dituzte bertan. Beste artikulu guztiak beste bi liburutan bilduko ditu eta udaberrian kaleratuko ditu Iriondok. Gari Berasaluze Kultura zinegotziak aurten Basarri-ren hainbat alor gogoratu dituztela nabarmendu zuen eta obra honekin, "Basarri kazetaria" nabarmendu nahi dutela gaineratu zuen. Berasaluzek bizilagunek bertan "harribitxi" asko topatuko dituztela azaldu zuen: "Basarri eta Zarautz ezagu-tzeko aukera dago liburu honetan". Gipuzkoako Foru Aldunduko Frantxis Lopez Landatxek eskerrak eman zizkion Iriondori, lanean "ekin eta jarraitzeagatik".
zarauzko 84 kronika xume
Gipuzkeraz eta bizkaieraz
Basarri 17 urterekin hasi zen idazten, Zarauzko herriko kronikak egiten Bilbon argitaratzen zen Euzkadi egunkarian eta Donostiako El Dían. Euzkadin bizkaieraz idazten zituen albisteak eta ElDíakoak berriz, gipuzkera landua erabiltzen zuen. Beste inon ikusi ez dituen hitzak ere aurkitu ditu bere artikuluetan Iriondok eta joskera "oso ona" zuela adierazi zuen. "Artikulu horietako bat euskarazko komunikabide batetara eramango banu, nire izenarekin, aditzak aldatuta, tokatzen den tokian h-a sartuta, beste aldaketarik gabe, inor ez litzateke ohartuko Basarrirena dela", esan izan du Iriondok.
"Kazetari oso gaztea zen eta oso gazterik hasi zen idazten. Bere lehen kronika 1931ko azaroaren 11ean azaldu zen Euzkadin. Oso modu sinplean eta sakonkerietan ibili gabe ematen zituen herriko berriak", azaldu zuen liburuaren egileak. "Oso kazetari beroa zen; albistea ematen zuen, baina iri-tzia eransten zion. Kronika hauetan ez da asko ageri, baina udaberrian besteak argiratzen ditugunean, ikusiko duzue. Euskaldun fededun itsu-itsua zen eta abertzaletasuna eta ohitura zaharrak ere oso txertatuta zituen. Nabariak dira horiek guztiak bere kroniketan", nabarmendu zuen Iriondok.
Sanz Eneako ekitaldian Euskaltzaindiko kideak lanean jarri zituen Iriondok eta Basarriren hainbat kronika irakurri zituzten Pello Esnal, Antton Aranburu, Xabier Kaltzakorta euskaltzainek eta Jose Ramon Zubimendi idazleak.
"Kosta zait, eta ikaragarri kosta ere lan hau egitea, batez ere bertsio diferenteak daudelako", adierazi zuen. "Nahiz eta liburu xumea izan, kronika hauek bitxikeriaz beteta daude eta batez ere, Zarauzko jende helduak izango du zer pentsatu irakurtzen dituen bakoitzean", gaineratu zuen Iriondok.
Lan sakonagoa udaberriko bi aleekin amaituko du eta horiek ere altxor ugari gordeko dituztela azaldu zuen: "Gaur egun ere herriko kronikak dira begiratzen diren lehen gauza eta horri garrantzi handia ematen zion Basarrik ere".
Bertsolariarekin izandako harreman estua gogoan izan zuen Iriondok eta zenbait momentutan ezin izan zion emozioari eutsi. "Idatzi sinpleak dira eta niri ikaragarri gustatu zaizkit. Artikulu horietako bakoitzarekin erabat maiteminduta ibili naiz", aitortu zuen. Zarauzko argazki zahar ba-tzuk ere txertatu dituzte liburuan eta Mendilauta, hondartza eta portua ikusi daitezke, besteak beste. Basarri. Zarauzko berriak 1931-1936 dagoeneko ohiko liburudendetan dago eskuragarri.
Más en Gipuzkoa
-
“La justicia en Gipuzkoa está tensionada por el incremento de asuntos y su complejidad”
-
“El uso del euskera no arranca en la Administración de Justicia, hay que fomentar el amor a la lengua”
-
El ciclo Udaberriko Musikaldia de Azkoitia vibró con la música de Andreas Prittwitz
-
Rescatan a 24 pasajeros de un Cercanías en Oiartzun