"Etxarte eta biok gara Oiartzungo azkeneko ikazkinak, lan honek ez duelako jateko ematen"
Hiru astez piztuta egon ondoren, gaur ikatza aterako dute Arditurriko txondorretik. Festa giroan egingo da 17.00etatik aurrera. Joxe Billaluze txondorraz arduratu den ikazkinetako bat izan da eta desagertzen ari den ogibide honen gako batzuk azaldu ditu
Oiartzun. Nola suertatu zen ikazkin ogibea berreskuratzeko ideia hau?
Lehengo urtean Arditurrikoak Joxe Manuel Etxarte Trumoi eta nirekin harremanetan jarri ziren. Txondorra egin genuen, baina denboraz juxtu ibili ginen eta ia ez genuen ikatzik atera, hamabi zaku besterik ez genituen lortu. Dena egurra atera genuen astirik ez genuelako izan.
Baina ekimen honek publiko aldetik arrakastatsua izan zen.
Jende izugarria etorri zen. Alde horretatik, dibulgazio aldetik, helburua bete zen, nahiz eta, zoritxarrez, espero zen ikatza ez atera izana. Helburu nagusia ez da ikatza ateratzea, baizik eta jendeari erakutsi ikatza nola lortzen den. Aurten errepikatzea erabaki genuen eta aurten guk (ikazkinek) epeak markatu genituen. Guk txondorrari ezin diogu agindu, baizik eta berak esaten du zenbat denbora behar duen ikatza lortzeko. Prozesuak bere denbora behar du.
Oiartzun ekimen honetan asko inplikatu da, ezta?
Bai, Udalak eta herritarrek erraztasunak eman dizkigute txondorra montatzeko. Kamioi bat egurrez beteta etorri zen. Gainera, ezinduak eta adineko pertsonak hurbiltzeko ere baliabideak jartzen dituzte, adibidez, tren berdea. Horregatik ere jende asko txondorra ikustera etorri da.
Nola hasi zinen zu ikazkintzan?
Gure garaian beste ogibiderik ez zegoen. Nire aitarekin hasi nintzen hamabi urterekin, hamabost egunetako Aritxulegira joaten ginen ikatza egitera. Horrela egon nin-tzen hamazazpi urte bete arte. Gero igeltsero bihurtu nintzen 60 urte izan arte eta orain berriz lehengo ofizio zaharrera bueltatu naiz.
Zergatik dago lanbide hau galtzeko arriskuan?
Etxarte eta biok gara Oiartzungo azkeneko ikazkinak, lan honek ez duelako ogirik jateko adina ematen. Egiten dena zaila da egiteko eta egurra ere gutxi dago. Lehen bezalako ahalmenik ez dago. Behar bada lortzen dugun ikatza sagardotegietan edo erretegietan erabiliko lukete, baina asko kostatzen da eta diruarekin ezin da ordaindu.
Zein da ikatza lortzeko egurrik hoberena?
Hemen dugun egurrik hoberena pagoa da, baina bertako haritza ere ona da. Nik harrapatu dudan egurrik txarrena Ameriketako haritza deritzona da. Nafarroa aldean artea erabiltzen dute eta hori izugarri ona da.
Zein da egurra ikatz bihurtzeko egin behar den prozedura?
Ikatza lortzeko egurra ez da erre-tzen, egosi egiten da; bestela egurra galdu egingo genuke. Sua pizten bada, egur gehiago sartu behar da, suari jaten emateko. Ez bagenu egurrik sartuko, orduan ikatza erre-tzen hasiko litzateke. Zulo bat egiten denean eta sua ateratzen denean, zuloa makil batekin handitu behar da eta egurra sartu. Haur txiki bat bezala da.
Zenbat egun behar dira ikatza ateratzeko?
Txondorraren tamainaren arabera. Adibidez, hau txondor txikia da eta hamalau tona egur erabili ditugu, bi tona ikatz lortzeko. Hemen azaroaren 23an hasi ginen lanean. Txikia bada, denbora gutxiago behar du. Egur motak ere zerikusia du eta egur hori hezea badago denbora gehiago beharko du, ur guztia galdu behar duelako.
Eguraldiak ere eraginik al du prozesu honetan?
Haizea izugarri txarra da, haizeak indarrarekin jotzen duenean, txondorra zulatu egiten du eta sua berpiztu egiten da. Aurten gertatu zaigu ipar haizea etorri zela eta babestuta ez genuen aldea zulatu egin zuela. Eguzkia eta eguraldi ona egitea, aldiz, izugarri ona da.
Zer egingo da aterako den ikatzarekin?
Oiartzungo Udala da ikatzaren jabea. Olentzeroren Laguntzaileek Oiartzungo plazara igoko dute abenduaren 24an, Olentzeroren ongietorrian. Ateratako ikatzaren beste zati bat Albaolari emango zaio itsasontzi bat egiteko.
Más en Gipuzkoa
-
Incidentes entre los ‘hooligans’ ingleses en Donostia y Santander
-
Los gigantes de Bergara se pasan al cuento para prevenir el consumo de tabaco
-
El PNV propone rebautizar el polígono Pagatza como 'Patxi Basauri', en honor al exalcalde elgetarra
-
El Ararteko pide a la Diputación que garantice el acceso a datos sobre los antepasados