donostia. Donostiako Liburutegi Nagusiari (Alderdi Ederren) Txillardegiren izena jartzeko eskaerarekin bat egin dute 250 kultur eragilek eta herritarrek. Urriaren hasieran 17 idazlek aurkeztu zuten proposamena eta Donostia Kulturak hilaren 20an izango duen bileran aztertuko du, udal eraikinak izendatzeko irizpideekin batera.

José Luis Álvarez Enparantza Txillardegik egindako lanaren aitortza izango litzateke liburutegiari bere izena jartzea, eskaera babesten duten eragileen ustez. Hasiera batean Ramon Agirre, Jokin Ansorena, Joxe Austin Arrieta, Harkaitz Cano, Joan Mari Irigoien, Fito Rodríguez, Iban Zaldua eta Arantxa Urretabizkaia izan ziren, besteak beste, eskaera aurkeztu zuten idazle eta kultur eragileak. Orain batu direnen artean Mireia Gabilondo, Joan Mari Torrealdai, Eneko Olasagasti, Oier Mendizabal, Iñaki Egaña, Anjel Alkain edo Hasier Etxeberria daude. Guztira, 250 atxikimendu jaso ditu jada eskaerak Interneten, www.change.org/es/peticiones orrialdearen bitartez.

Fito Rodríguez idazleak "ezjakintasunari" egotzi zizkion proposamenak izan dituen kritikak Txillardegi ETAko fundatzaile izan zela argudiatuz. Euskararen alde egindako lanak aitortza merezi duela gaineratu zuen, eta ildo horretan, alderdi politiko baten kide izandako beste euskaltzale ba-tzuen izenak dituzten eraikinak badaudela gogoratu zuen, Koldo Mitxelena eta Jose María Urquijo, kasu.

Kultur eragileek egindako eskaera Bilduk aurkeztu zuen Udalean eta EAJk aurreratu du jada ez duela proposamena oztopatuko.

Txillardegik Herritar Merezimenduaren Domina jaso zuen iaz Udalaren eskutik.