zarautz. Sortu berri den Bada Teatroak bere lehen obra, Traganarru estreinatuko du bihar, 21.30ean hasita, Soreasu antzokian. Azpeitiko An-tzerki Topaketetan izango du Urki Muguruza (Zarautz, 1982) zuzendariak bere lana aurkezteko aukera eta pozik agertu da "sekulako plaza" delako. Biharko hitzordua etorkizunean bide egiteko baliabidea izatea espero du.

Munstroa antzezlana idatzi, diseinatu, zuzendu eta hainbat urtetan 34 emanalditan antzezten aritu delako ezagutuko dute askok Muguruza. Orain, proiektu berri bati heldu dio zarauztarrak eta hala sortu du Traganarru antzezlana.

Duela pare bat urte, antzerkian jarduteko, antzezteko aukera praktikorik bilatzen ez zuela eta, bizi zuen egoerari alternatiba bat bilatu nahian, bere kasa proiektu bat martxan jartzea erabaki zuen. Honela, obra bat idazten hasi eta itxura hartzen ari zenean otu zitzaion taldea Bada Teatroa izenarekin bataia-tzea. "Bada antzerkiarekin lotura duen izena da: da aditzak izatea esan nahi du eta ba aurreizkiak berretsi egiten du izate hori", azaldu du. "Ekinean ekinez ikasten joateko oso modu eraginkorra eta polita da norbere proiektuak aurrera eramatea, hasieratik bururaino", jakinarazi du. Esperientziarekin gustura dago eta etorkizunean sortuko diren proiektuak ere Bada Teatroaren babespean aurkeztuko dituela gaineratu du.

1912ko galerna gogoan Traganarru hitzarekin ezagutzen dute galerna Bermeo, Elantxobe eta inguruan eta pertsonaia mitologiko batek ere izen hori du. Itsasoko ekaitzekin lotutako izpiritu gaiztoa da Traganarru. Horrekin erakarrita, Muguruzak 1912an Kantauri itsasoan ehunka marinel hil zituen galerna tragikoa ardatz hartu eta surfarekin nahastu ditu: "Gaur egungo pertsona batek, surfista denak, istripuz edo salto egiten du duela 101 urtera arte. Non dagoen eta munduarekin zer gertatu den zalantza duela, bertako pertsonaiak entrenamendu baterako bere zerbitzura daudela sinetsita dago. Honela, ekintza ezberdinak gertatzen dira obran zehar eta 1912ko biztanleek modu batera biziko dituzte eta surfistak, berriz, beste modu erabat ezberdinean".

"Giza harremanei buruz idazteko gogoa nuen eta era berean, gure historiako gertaera gogor bat ekarri nahi nuen gogora. Giza harreman horien arteko tentsioak lehertzen dira ekaitza handia egiten den une berean", nabarmendu du.

Ikusleek oso ongi pasatzea du helburu bizilagunak, baina kritikarako tartea ere izango da bere lanean. Hala, anbizioa, egoismoa, burugogorkeria, inbidia, bestea baino gehiago izateko nahia, ametsak... uztartuko dituzte antzezlan berri honetan.

Zazpi aktore agertuko dira Azpeitiko Soreasu antzokiko oholtza gainean, bihar gaueko emanaldian: Iñigo Azpitarte, Jon Ander Alonso, Iker Etxarri, Erika Olaizola, Gurutze Eizmendi, Inazio Tolosa eta Iñaki Santos. "Aktoreekin izan dudan harremana oso erosoa izan da eta asko jarri dute beraien aldetik. Zuzendari laguntzaile aritu den pertsonak (Maite Bastos) ere asko lagundu dit", eskertu du zarauztarrak.

Jaio berri den antzerki talde honen inguruan gehiago jakin nahi duenak ondoko web orria bisita dezake: www.badateatroa.com.