Anoeta. Anoetako EAJko udal taldeak ohar batean azaldu duenez, tasen izozketa defendatuko du hurrengo udalbatzan "baldin eta Bilduk zergen igoera proposatzen badu datorren udal batzordean". Kepa de la Iglesia bozeramaileak adierazi du herriko alkatea "jakinen gainean dagoela", berari zuzenean adierazi baitzion talde jeltzalearen erabakia.

De la Iglesia zinegotziaren esanetan, "bizi ditugun krisi garai luze eta latz hauek erabaki bereziak eskatzen dituzte. Anoetarrok urtez urte zintzo eta leial ordaintzen dituzte Udalak ezartzen dizkien zergak eta unea da datorren urtera begira, zergak ez igotzea eta daudenean mantentzea". Halaber, uste du "ezinbestekoa" dela "herritarrek duten zerga zama arintzeko".

zenbateko igoera Era berean, EAJ alderdiko bozeramaileak salatu duenez, bileraren bezperan egon arren udal gobernuak ez die argitu zenbateko igoera aplikatu nahi duen Bilduk. "Jakin badakigu KPIaren igoera ezarri nahi dutela, baina ez igoera hori %0,7 edo %1,9koa izango den", eta galdetu du "zergatik berriro ere azken momentura arte eta erdi ezkutuan ari den udal gobernua".

Etxebizitza hutsei dagokien %50eko errekarguaren aurrean, ez aplikatzea eskatuko duela aurreratu du zinegotzi nazionalistak argi kontsumoa, ur kontsumoa edo an-tzeko dokumentu baten bidez etxea hutsa ez dagoela adierazten dutenei. Bide honetan, gogoratu du bere garaian errekargu hau etxebizitza hauek salketa edo alokairuan jar-tzeko argudioarekin ezarri zela, eta orain denbora pasa denean galde-tzen du "zenbat etxebizitza saldu dira edo alokairuan jarri dira" edo guzti hau aitzaki bat besterik ez den izan "nola edo hala diru gehiago biltzeko".

Azkenik, urtero "zergak igotzen ibili beharrean" udal gobernua bere gastu arruntak murrizteko "saiakera serio bat" egitea gehiago eskertuko luketela anoetarrek uste du EAJko bozeramaileak eta, gaineratu du: "Ordaintzea dagokien guztiei behar bezala kobratzen ahaleginduko balitz ere eskertuko lukete".