Azpeitia. Azken 25 urteotan bere garraio enpresa batean lanean aritu ondoren (aurretik mekaniko lanak egin zituen), Jesus Ruiz de Argandoña azpeitiar ezagunak iaz hartu zuen merezitako erretiroa lan munduan. Jubilazioarekin batera, Ilunpe elkartetik azken hiru hamarkadetan herriko gazteen artean esku pilota bultzatzeko egin duen bolondreseko lana ere utzi du. Hortaz ohartuta, Azpeitiko pilotazaleek omenaldi beroa eskaini zioten Santiago egunean. Joan den ostegunean, berriz, saskibaloi taldearen errekonozimendua jaso zuen. Keutin-ek holakorik ez zuela espero aitortzen du baina Azpeitiko herri osoari eskerrak eman nahi dizkio "beti erakutsi didan estimuagatik".
Noiz eta nola hasi zinen herrian esku pilota zabaltzearen alde bolondreseko lana egiten?
1981 urtearen amaieran hasi nintzen beste lagun batzuekin batera; Ilunpe elkartea sortu genuenean, hain zuzen ere. Elkartea ireki ahal izateko kirolen batekin lotura izan behar zuen eta Azpeitian pilota jorratzen zuen klubik ez zegoenez ba... kirol horren inguruan aritzeko erabakia hartu genuen.
Esperientzia al zenuen esku pilotaren munduan?
Ez, pilota betidanik gustatu izan zait baina ez naiz inoiz txapelketetan aritu. 12-13 urterekin saskibaloian ibili nintzen eta gaztetan lau urtetan aritu nintzen Lagun Onak futbol taldean jolasten.
Ilunpe pilota elkartea sortu zenutenean... ba al zegoen esku pilotarekiko zaletasuna Azpeitian?
Alde batetik, Izarraitz pilotalekua zegoen baina partikularra zen eta bertan pala eta zesta puntako partidak antolatzen ziren bakarrik. Bestalde, Betharramisten frontoia zegoen baina bertan ez zebilen inor. Garai hartan esku pilota praktikatzen zuten azpeitiarrek Azkoitiko klubarekin entrenatu eta jokatzen zuten, hemen pilota klubik ez zegoelako.
Zer egin zenuten egoera hori aldatzen joateko?
Elkartea sortu eta lehenengo hamar urteotan beteranoen arteko esku pilota txapelketak antolatu genituen Betharrameko frontoian. Era horretan esku pilotako partidak ikusteko aukera eskaini nahi izan genien herriko mutil koskorrei, afizioa hartzen joateko. Horien ondoren haur eta gaztetxoentzako txapelketa antolatzeari ekin genion. Gero, 1986 urtean Frontoi Txikia egin zuten eta gaztetxoen txapelketa hara pasa genuen.
Baina hori ez da Ilunpe elkartetik antolatzen duzuen txapelketa bakarra, ezta?
Ez, orain dela hainbat urtetik hona elkarteak bi txapelketa antolatzen ditu urtero. Horietako bat, Cesar Valverde memoriala izenekoa, Santio egunean amaitzen da eta bestea Santo Tomasetarako. Txapelketa hauetan 8 eta 15 bat urte bitarteko haur eta gaztetxoek parte hartzen dute eta bakoitzak bizpahiru hilabete irauten du.
Oker ez banabil Izarraitz frontoian ere profesionalen arteko pilota partidak antolatu izan dituzue Ilunpe elkartetik...
Bai, hala da. Frontoi hori itxita egon zen hainbat urtetan eta 1990 urtearen bueltan profesionalen arteko esku pilotako partidak antolatzen hasi ginen. Festibal horiek arrakasta handia izaten zuten herritarren partetik baina orain dela hamar bat urte esan ziguten ezin genuela jarraitu partida horiek antolatzen eta utzi egin behar izan genuen.
Haurrentzako txapelketak antolatzen hasi ondoren, igarri zenuten herrian esku pilotarako afizioa bazegoela?
Bai, hasieratik gainera. Izan ere, lehen urteotan mutil koskorrak pilotan aritzeko 100 fitxa inguru egiten genituen urtero. Ume asko gerturatzen ziren elkartera pilotan jokatu nahi zutelako baina gero, 13-14 urterekin, eskuetan minak izaten zituzten eta askok lagatzen zuten futbola edo saskibaloia bezalako kiroletara pasatzeko. Horien artean Mikel Labaka eta Mikel Aranburu hainbat urtetan Real Soziedadeko jokalariak izandakoak daude. Futbolera pasa baino lehenago gurekin aritu ziren pilotan eta kirol honetan ere onak zirenez txapelak irabazi zituzten.
Zeintzuk dira Ilunpeko pilotariek izan dituzten lorpenik handienak?
Neri izugarrizko ilusioa egin zidan 2004an lehen aldiz irabazi genuen Gipuzkoako herri arteko txapelketa; batez ere, ez genuelako espero. Gero, 2008 urtean Gipuzkoa eta Euskadiko herri arteko txapelketak atera genituen eta 2010ean berriro Gipuzkoakoa. Azken hamarkadan Azpeitiko pilotariek Gipuzkoako herri arteko txapelketen sei finaletarako sailkatu dira; horietatik hiru galduz eta beste hirurak irabaziz. Datu horiek erakusten dute Azpeitian ere baditugula esku pilotan jokatzeko maila altuko pilotariak.
Profesionaletara saltoa eman duten pilotariak ere atera dira herritik...
Bai, Otaegi, Peñagarikano, Odriozola eta Astigarraga bezalako jokalariek profesionaletara saltoa eman zuten elkartetik eta horrek poz handia suposatzen du laguntzen aritu garenontzat. Gainera atzetik datozen gazteentzako eredua ere badira, lan serioa egiten gora heldu daitekeela erakutsi dutelako.
Pertsonalki, zer eman dizu pilotaren munduak?
Gipuzkoa osoan zehar jende asko ezagutzeko eta lagun asko egiteko aukera eta hori oso pozgarria da niretzat. Era berean, ikusi dut herrian ere oso ondo hartu nautela beti eta horrek betetzen nau.
Santio egunean herriko pilotazaleen eta pilotaren munduan aritzen diren hainbat pertsonen omenaldi beroa jaso zenuen. Nola bizi zenuen Frontoi Txikian izan zen une hori?
Oso eskertuta eta emozinatuta. Gauza txiki bat espero nuen baina jende ugari bildu zen eta opari mordoa egin zizkidaten. Senide eta lagun askorekin batera Aspeko arduraduna den Fernando Vidarte ere egon zen omenaldi horretan. Gero bazkaria egin genuen eta oso egun polita pasa nuen lagun artean.
Nola ikusten duzu pilotaren etorkizuna herrian?
Oso ondo. Nik oso trankil pasa dut erreleboa, behintzat. Orain txapelketak antolatzeko eta umeekin aritzeko ardura nirekin ibilitako gaztetxo batzuk hartu dute eta seguru nago beraiek ere gauzak ondo egingo dituztela. Nik gauza bakarra esan nahi diet: fin-fin lanean jarraitzeko; ondo dabiltza eta.