Errenteria. Añarbeko Uren Mankomunitateak, Errenteriako eta Donostiako Udalekin batera, Añarbeko baso erreserba (Natura 2000 Sarea, Aiako Harria parke naturala) ezagutarazteko kanpaina bat jarri du martxan: Añarbe baso erreserba, basoak eta urak bat egiten duten eremua.
Kanpainaren helburu nagusia natura gune hau inguruko biztanleriaren artean ezagutzera ematea da, eta horretarako ekintza ezberdinak planifikatu dira. Hauen artean, zenbait ibilbide gidatu izango dira eremu honen balio naturala azpimarratzeko, konkretuki bertako fauna eta landaretza ezagu-tzera zuzenduak.
Udaberrian Urdabururi itzulia PR-Gi 1003tik doan ibilbidea gauzatu zen bezala, udazkenean Ugaldetxoko basoak PR-Gi 1001 ibilbidea egingo da. Zailtasun ertaineko ibilbide honek denera 700 metroko desnibela eta 10,5 km inguruko luzera du. Abiapuntua Ugaldetxo taberna (Ereñozu auzoan) izango da, Hernani eta Goizueta lotzen dituen GI-3410 errepidearen ertzean. Ibilbide honetan Oberango pagadia zeharkatzeko eta Urumea ibaiaren urak ikusteko aukera izango da.
Bi egun desberdin daude ibilbide hau egiteko. Urriaren 20an azalpenak euskaraz emango dira eta azaroaren 3an, gaztelaniaz. Partaideak 9.15ean elkartuko dira eta 14.00ak inguru itzuliko dira. Mendian ibiltzeko arropa eta oinetako aproposak, ura eta jateko zerbait eramatea gomendatzen da. Bisita dohainik izango da, baina informazio gehiago behar duenak 943 555 431 telefonora dei dezake.